Brasil izan du gogoan Txori Txikik Inauterietako jaialdian

Maria Maya Manterola 2022ko ots. 26a, 09:30

Musika eta dantza eskolak Brasilgo espiritua ekarri zuen atzo Zumaiako kaleetara. Inauterien jabe den Momo Erregeari harrera egin zioten Ubillosen Txori Txikiko haurrek; kalez kale aritu ziren gero. Kofradian eta Beheko plazan emanaldi bana eskaini zuten, gainera.

Iaz ezin izan zuten jada ohikoa den kalejirarik egin, baina aurtengoan bai. Txori Txikiko haur zein irakasleak musikaz eta dantzaz bete zituzten kaleak atzo arratsaldean. 

Ubillosen Iñaki Ostolaza alkateak Inauterien jabe den Momo Erregeari giltza eman zion lehenbizi. Inauterietako pertsonaia buru zutela abiatu zuten kalejira, Musika Bandaren eta danborren erritmoan. Kofradian eta Beheko plazan geldialdi bana egin zuten, musika eta antzerki saio bana eskaintzeko. Herritar ugari gerturatu zen bi saioetara, ikuskizunaz gozatzera.