Ekitaldi hunkigarri batekin omendu dute Abelin Linazisoro

Juan Luis Romatet 2022ko ots. 26a, 11:00

Asteazkenean zendu zen Abelin Linazisoro, eta atzo gogoan izan zuten familiartekoek, lagunek eta, oro har, herritarrek Forondan egin zen omenaldi ekitaldian.

Txikia altueraz, baina erraldoia pertsona bezala. Zinezalea, idazlea, ekintzailea, euskaltzalea. Zumaiar peto-petoa, eta Euskal Herri osoan bere lekua egin zuena, Jon Maiak atzo arratsaldean Forondan egindako omenaldi xume bezain hunkigarrian gogoratu zuen bezala. 

Aitaren figura gogoratu zuten Ihintz eta Hilargi alabek. "Txikitasunetik gauza handiak erakutsi zenizkigun", esan zuen Ihintzek. Ostarrenako kideek –zine klubaren sortzaileetakoa izan zen Abelin– pelikulen erreferentziak eginez goraipatu zuten laguna. Ez ziren falta izan Maiak abestutako bertsoak, edota bertaratutakoek kantatutako abestiak ere: Izotz-ondoko eguzki, Txoria txori eta Zure begiek.

"Gora Abelin!" sentikor batekin amaitu zen ekitaldia.