Mozorro koloretsuak, dantza eta musika izan dira nagusi ikastetxeetako jaialdietan

Maria Maya Manterola 2022ko ots. 25a, 17:18

Hasi dira Inauteriak Zumaian. Herri Eskola eta Zumaiena ikastetxeetako haur eta irakasleak izan dira festak ospatzen goiztiarrenak. Haur Hezkuntzako haurrek beren ikastetxeetan egin dituzte jaialdiak; Lehen Hezkuntzakoek kalejira egin dute.

Eguzkia lagun, kalejira koloretsua egin dute Herri Eskolako eta Zumaienako haurrek herriko kaleetan zehar. Zubi txikian elkartu dira bi ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako haurrak –Haur Hezkuntzakoek nork bere ikastetxean egin dute jaialdia–, eta musikaren erritmora, Saregileen plazan bira eman eta Erribera kalea hartu dute, handik Beheko plazara iristeko. 

Guraso andana gerturatu da ibilbidera zein plazara, haurrek aurrez prestatutako dantzak eta kalejira ikustera. Beheko plazan geratu dira Herri Eskolako haurrak; ikastetxera itzuli dira Zumaienakoak, pandemia oraindik presente dela eta, pilaketarik ez izateko.