Julenerekin elkarrizketan

Maria Maya Manterola 2022ko ots. 24a, 11:45

Julene Azpeitiaren obra eta bizitza jaso ditu Xabier Altzibar ikerlariak ‘Askatasun eguzkia baino beharrago’ 900 orriko liburu mardulean. Atzo aurkeztu zuen lana, Zumaian. 

Xabier Altzibar ikerlariak argitara eman du euskal literaturaren historian ibilbiderik luzeenetakoa izan duen idazlearen sorkuntza osoa: Julene Azpeitia idazle zumaiarrarena, alegia. Askatasun eguzkia baino beharrago izenburupean, 900 orrialdetan eman du Azpeitiaren bizitzaren eta obraren berri. Atzo, asteazkena, aurkeztu zuten Altzibarren saiakera Alondegiko Oxford aretoan liburua argitaratu duen Manuel Larramendi Kultur Bazkunako kide Ane Jalonek, Jon Unanuek eta Xabier Altzibarrek berak. Azpeitiaren senitartekoez eta udal ordezkariez gain, herritar ugari gerturatu zen aurkezpenera.

Unanuek aurkeztu zuen liburua ondu duen idazlea, eta haren arabera, "inork gutxi daki euskal literaturaz Altzibarrek adina". EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean irakasle izateaz gain, literatura ikertzen aritu baita urte luzez. Altzibarrek, bere aldetik, nabarmendu nahi izan zuen "Julenerekin elkarrizketan" osatu duela liburua, Azpeitiaren hitzek osatzen baitute edukiaren erdia. 

Zumaia narrazioetan

Haren obraren berri emateaz gain, haren ibileren zertzelada batzuk azaldu zituen Altzibarrek aurkezpenean. Azpeitia 1888. urtean sortu zen Zumaian, eta amarengandik jaso zuen euskara. Zumaiarekiko zuen maitasuna agerikoa da bere narrazioetan: esaterako, Isustarritz eta Itzurun aipatzen ditu lanetan, eta herriko zenbait pertsonaiaren eta ohituren inguruanere idatzi zuen. Hasiera batean, gainera, Arritokieta ezizenez plazaratu zituen lehen obrak. Bizkaiko eskola publikoetan maistra jardun zuen, idazle izateaz aparte. Altzibarren arabera, "irakasle ona eta pedagogo aurreratua" zen idazle zumaiarra bere garairako. Azpeitiaren merezimendu zenbait ere zerrendatu nahi izan zituen idazleak. Altzibarren arabera, metodo modernoak zerabiltzan, eta autonomia eta hezkuntza integralaren defendatzaile sutsua zen. 

Euskararen aldeko idazle konprometitua ere bazen Azpeitia, eta horri egin nahi izan dio erreferentzia Altzibarrek liburuari jarritako izenburuarekin, "euskara baitzen Azpeitiarentzat askatasun eguzkia baino beharrago zuena". 

Errekonozimendu ariketa

Jalonek, bere aldetik, "Azpeitiaren adoreari, indarrari eta euskararen alde egindako borrokari" egin zion aipamena. Altzibarren saiakerak Azpeitiaren aldarte horiek goraipatzeaz gainera, emakume guztienak ere goraipatzen dituela azaldu zuen. Jalonen hitzetan, beren lana da Azpeitiari eta ezkutuko emakume idazle horiei guztiei merezitako errekonozimendua eskaintzea. 

Aurkezpenean bertan salneurri beheratuan eskuratu ahal izan zen liburua. Aurrerantzean, liburuaren argitaratzaile den elkartearen larramendibazkuna.eus webgunean eskuratu ahal izango da, baita liburudendetan ere.