Martin Amilibiak eta Rebeca Mariñok irabazi dute XXXVII. Herri Lasterketa

Aritz Mutiozabal 2022ko ots. 19a, 21:30

Kirol giro atsegina bizi izan da gaur arratsaldean XXXVII. Herri Lasterketari esker. Izan ere, iazko etenaren ondoren, arrakastatsu itzuli da proba tokiko lasterketen zirkuitura, 300dik gorako parte hartzearekin antolatu dituzten hiru modalitateak kontuan hartuta; hau da, 10 kilometroko proba nagusian, 5 kilometroko proba laburrean eta ipar martxan. Gainera, herritarrek eta eskualdeko kirolariek ez ezik, Euskal Herri osotik bertaratu dira korrikaldian parte hartzera.

Lasterketa nagusian, gizonen kategorian, txapela etxean geratu da: Martin Amilibia zumaiarrak historia egin du, garaipena bereganatuz, 31:54ko denborarekin. Haren atzetik sailkatu dira Koldo Ayesta gasteiztarra eta David Rua elorriotarra, 16 eta 23 segundora, hurrenez hurren. Ia lehen itzuli osoan multzoan joan dira, baina bigarren itzulirako zumaiarrak tartea zabaldu du, eta alde hori nahikoa izan du proba irabazteko. Bigarren eta hirugarren posturako lehia estuagoa izan dute beste biek ibilbidean zehar. Zumaiar onenaren saria Mikel Etxeberriari eman diote.

Emakumezkoetan, Rebeca Mariño baztandarrak nahiko aise irabazi du, lasterkaldi osoan buru joan ostean, 38:56ko denborarekin. Minutu erdi pasatxoko aldea atera dio bigarren sailkatu den Nerea Egia donostiarrari eta minutu eta erdi, berriz, hirugarren izan den Maria Zorroza gernikarrari. Lasterketa serioa osatu du nafarrak, hasiera-hasieratik aurrealdean jarrita, atzekoei ateratako errenta ongi eustsita. Zumaiarren artean bizkorrena, berriz, Garazi Artola izan da.

Bestalde, 5 kilometroko proban, Jokin Bellido oriotarra eta Maria Cano gasteiztarra nagusitu dira: nabarmendu behar da, emakumezkoen mailan, Sara Manzisidor zumaiarra bigarren postuan sailkatu dela. Halaber, ipar martxako modalitatean, Agustin Urretabizkaia hernaniarra eta Greta Azurmendi donostiarra izan direla Eusebio Gurrutxagako helmuga zeharkatzen azkarrenak; gizonezkoetan, Gracian Galarraga zumaiarra hirugarren sailkatu da. 

Helduen probak hasi aurretik, haur eta gaztetxoen lasterkaldiak jokatu dituzte parte hartze nabarmenarekin. Kimuek (LH 5-6) 1.050 metro egin dituzte, infantilek eta kadeteek (DBH 1-4) 2.100 metro, eta, azkenik, aurrebenjaminek eta benjaminek (LH 1-4), 300 metro. Guztiek domina bat jaso dute oroigarri gisa bukaeran. Horrez gain, sariak ere banatu dizkiete: kimu nesketan Ane Ariznabarretak irabazi du, Sara Ugartemendia izan da bigarren eta Maria Aramendi hirugarren; kimu mutiletan Mikel Garmendia garaile,  Manex Uranga bigarren eta Ander Gorritiberea hirugarren; infantil nesketan Lide Arrizabalaga irabazle,  Ane Balzquez bigarren eta June Unanue hirugarren; infantil mutiletan Abderraman Yalami garaile, Akox Gandarias bigarren eta Aratz Beristain hirugarren; eta kadete mutiletan, Kepa Urbieta nagusitu da.

XXXVII. Herri Lasterketako sailkapena