Ademgi elkartearen 'Beste pauso bat' abestiari ahotsa jarri dio Jon Maiak

Baleike 2022ko ots. 14a, 19:00

Anarirekin batera kantatu du Maiak Ademgi elkartearen aldeko abestia. Elkarte horren lana ezagutzera ematea da Bizipoza elkarteak aurkeztu duen azken proiektuaren asmoa.

Jon Maiak bertsolari eta abeslariak ahotsa jarri dio Ademgi elkartearen alde egin duten Beste pauso bat abestiari; zumaiarrak Anarirekin batera abestu du kantua. Bizipoza elkarteak bere barruan dauden hainbat elkarteren kantuak eta bideoklipak aurkeztu ditu Mundu Berri Bat 2 proiektuan, elkarte horien eguneroko errealitateak, aldarrikapenak eta transmititzen dituzten baloreak, musika, irudia eta hitzen bidez jasotzeko.

Bizipozak elkarlanean jarri ditu elkarteak eta euskal sortzaileak, 11 kantu eta 11 bideoklip egiteko. Xabier Zabalak konposatu ditu kantu guztiak, eta hamabi idazlek eta bertsolarik sortu dituzte letrak. Hamar kantari eta zortzi musikarik parte hartu dute grabazioetan, tartean Anarik eta Maiak. Ademgi irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, Onura Publikoko eta Gizarte-Intereseko deklarazioak dituena. Esklerosi anizkoitza duten pertsonen eta horien senideen bizi-kalitatea hobetzea du helburu Ademgik.