Leire Baraibarrek irabazi du Zestoako Kobaz Koba Trailen VI. edizioko Zaldei proba

Urtzi Oteiza eta Anartz Izagirre 2022ko ots. 13a, 18:00

Bi ordu eta 42 minututan amaitu du proba Baraibarrek. Bigarren, berriz, Sara Peña oriotarra izan da, eta 02:49:37 denbora egin du hark.

 

Eguraldiak erruz lagundu du gaur, igandea, Kobaz Koba Trail probaren VI. edizioan, eta goizean goizetik hasita giro ederra nagusitu da Zestoako herrigunean zein korrikalariak igaro diren lekuetan.

621 kirolarik zuten izena emanda gaurko bi probetarako, 320 pertsonak Artzein —proba motza— eta 301ek Zaldein —proba luzea—, baina antolatzaileek adierazi dutenez, azkenean, 508 kirolarik parte hartu dute. Horietatik, 262k bukatu dute Artzei proba, eta 221ek Zaldei. 

Artzeiko korrikalariak iritsi dira lehenengo helmugara, eta lehenengo postua lortu du Amets Aranberri zestoarrak. 01:10:04 izan da haren denbora, eta gertu ibili da Ibon Erdozain bigarren sailkatua, hemezortzi segundo beranduago amaitu baitu proba hark. Nesketan, berriz, Ainara Urrutia izan da azkarrena, eta ordubete eta hemeretzi minututan amaitu du hark proba. Bigarren, berriz, Aitziber Urkiolak egin du, eta proba bukatzeko ordubete eta 27  minutu behar izan ditu.

Handik apur batera heldu dira helmugara Zaldei probako korrikalaririk lasterrenak, eta Iñigo Arantzamendi ondarroarra izan da proba hori azkarren amaitu duen kirolaria. 02:14:31 izan da haren denbora, eta bigarren sailkatuari bi minutuko aldea atera dio, Pello Berrizbeitiak 02:16:26 denbora egin baitu. Proba horretako hirugarren sailkatua, berriz, Unai Zialtzeta azpeitiarra izan da —02:19:39—, eta lehen zestoarra Sathya Paz —02:28:31—. Nesketan, berriz, Leire Baraibar zumaiarra izan da lehen sailkatua, eta bi ordu eta 42 minututan amaitu du proba; bigarren, berriz, Sara Peña oriotarra, eta 02:49:37 denbora egin du hark.