JM Sesma: "Bisitariaren kontzientzia ukitzeko asmoa ere badu erakusketak"

Iñigo Gaiton 2022ko ots. 6a, 17:29

Haizeak ez du ke guztia eramango erakusketa jarri du aste honetan JM Sesma artistak. Artelan bilduma indartsu eta sakona dago ikusgai Oxford aretoan ostiraletik.

Ostiralean ireki zuten JM Sesma artista zumaiarraren Haizeak ez du ke guztia eramango erakusketa. Sortzaileak 2020 eta 2021 urteetan egindako artelanak bildu dituzte Oxford aretoan, eta bisitariak azkar ikusiko duen modura, oparoa da ikusgai jarri duten obra. "Dena den, erakusketatik kanpo artelan dezente laga ditugu. Nahiko konstantea naiz sorkuntza lanean", adierazi du artistak.

Genero indarkeria, buru osasuna, arazo psikologikoak... Sesmak gai gogorretan oinarritutako margolanak bildu ditu, eta artelanetan ondo islatzen da gai horien pisua. Izan ere, erakusketa trinkoa da artistarena, sakontasun handia du. "Eguneroko bizitzan oso eroso bizi gara, era guztietako injustizia eta arazoez inguratuta egon arren. Bisitarien kontzientzia ukitzeko helburua du erakusketak, eragitekoa. Nire ideien antzekoak dituen jendea ere badagoela pentsatu nahi nuke, eta margolanen bidez, horiengana iristea gustatuko litzaidake".

Kanpora begirako helburu hori izan arren, margotzea barru-barruko prozesua da artistarentzat. "Orain hilabete edo badaramat margotu gabe, baina lehen goizean goiz esnatu eta pintura artera jotzen nuen. Eguneroko bizitzako gurpiletik ateratzeko baliatzen dut momentu hori, pentsatzeko, nire buruarekin egoteko. Bakea eta askatasuna sentitzen ditut mihisearen aurrean nagoenean", eman du jakitera.

Bere ibilbideari begira jarrita, erakusketa honetan jauzi nabarmen bat eman du margolariak: formatu handian lan egitera pasatu da. "Esperimentatzeko aukera zabalagoa ematen dit formatu handiagoetan lan egiteak, modu askeagoan margotzeko aukera".

Pinturaz gain, hitzak ere asko zaintzen ditu, eta bere obraren parte dira berarentzat. Hain zuzen ere, Hitza ta irudia bata erakusketa egin zuen 2020an, eta oraingoan ere, letrek pisu handia dute; bai artelanetan, baita horien izenburuetan ere. Hitzen artean, bada maiz errepikatzen den bat: gaitza. Pandemiarekin lotura zuzenik ba ote duen galdegin zaio artistari. "Ez bereziki. Gaitza diodanean, jende gaiztoari egiten diot erreferentzia, barruan gaiztotasuna dutenei".

Obrak sortu dituen denbora tarteari eta osasun krisiari erreparatuz gero, bien artean lotura zuzena dagoela pentsa daiteke. Artelanen izenburuak ere izan daitezke horren isla: Caminando a la nada, Harremanak etenda, Gaitza barruan dute, Bizi izan naiz, bizi naiz, biziko naiz... Ez da horrela, ordea. "Osasun krisiaren aurretik ere gai horiekin lan egiten nuen. Alde horretatik, pandemiak ez du obran eragin zuzenik izan", egin dio azpimarra Sesmak. 

Esperientzia bat bisitariarentzat
Erakusketa pentsatzerako eta antolatzerako garaian, artistak ondoan izan ditu Leire Alvarez arte zuzendaria eta Mikel Arrieta. Artelanei adinako garrantzia eman diote horiek aretoan jartzeko moduari eta aretoan giro bat sortzeari. Horretarako, margoez gain elementu gehiago ere txertatu dituzte, erakusketara jotzen duten lagunek "esperientzia bat" bizi dezaten: musika, kea, usainak...

Haizeak ez du ke guztia eramango otsailaren 20ra arte izango da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Igandetan ere zabalduko ditu ateak eguerditan, 12:30etik 14:00etara.