Santa eskean aritu dira kantuan herriko ikastetxeetako ikasleak

Juan Luis Romatet 2022ko ots. 4a, 16:33

Zumaiako Herri Eskolako eta Zumaiena Ikastetxeko ikasleak santa eskean atera dira gaur. Egun honi lotutako abestiez eta koplez bete dituzte herriko txokoak. 

Hilaren bian Kandelario, bostean Santa Ageda dio koplak, eta horri jarraituz urtero atera izan dira gazte zein heldu Santa Ageda egun bezperan herriko kale eta txokoak koplez betetzera. Urteekin, eta, are gehiago, pandemiarekin, gutxitu egin da usadio honi jarraituz kalera atera izan diren herritarrak. COVIDaren aurretik Beheko Plaza Abesbatza ere ateratzen zen kalera; izurritea baretu eta normaltasunera heldu arte egon beharko gara halako egun berezi batean koro honetako kideen ahotsak kantuan entzuteko.

Gaur, herriko ikastetxeetako haurrak atera dira kalera, talde txikitan, eta leku desberdinetan. Goizean, Zumaiena Ikastetxeko ikasleek gogoratu dute egun hau, eta batzuk ikastetxean, beste batzuk kalean aritu dira kantuan. Ikastetxeko patioan elkartu dira denak.

Zumaiako Herri Eskolako ikasleek, berriz, bazkalondoren egin dute kantu kalejira. Batzuk ikastetxeetako jolastokietan geratu diren bitartean, helduxeagoak herriko kaleetan zehar aritu dira.