Salgai daude 'Kutsidazu bidea, Ixabel' musikalerako sarrerak

Maria Maya Manterola 2021ko abe. 23a, 12:00

Abenduaren 29an, asteazkena, 'Kutsidazu bidea, Ixabel' musikala eskainiko du Demode Produzkioak taldeak. Zumaienan izango da emanaldia, 19:00etan. Sarrerak Turismo Bulegoan eskura daitezke. Online ere salgai daude, hemen.

Juan Martin donostiar gaztea mendi puntan galdutako baserri batera joango da uda igarotzera, bere euskara maila hobetzea helburu hartuta. Han dagoela, abesti eta abesti artean, egiaztatuko du baserrian bizi direnek darabilten euskarak ez duela zerikusirik gelan ikasi duenarekin. Baserriko familia aitak, alaba gazteak eta amonak osatzen dute.

Joxean Sagastizabalen eleberri dibertigarrian oinarritutako komedia musikal honetan ikusiko dugun bezala, Juan Martinek bi auziri egin beharko die aurre: batetik, hizkuntza-arazoak ditu, eta, bestetik, landa-inguruneaz ezer gutxi daki. Horrez gain, Ixabel familiako alaba erakargarriak ordura arte ezezagunak zituen sentimenduak piztuko dizkio, eta inguruak ere zur eta lur utziko du, izan ere, musikaren bidez komunikatuko da berarekin: zuhaitzak rap doinuan, sagarrak "a kuppela" abesten eta behiak dantzan.