Maite Manzisidorren proiektua saritu du Urkomek

Maialen Etxaniz 2021ko abe. 10a, 21:29

Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen edo jarduera berritzaileak saritu eta landa eremuko proiektuak ezagutarazten dituzte Urkome Sarien bitartez. Maite Manzisidor zumaiarrak jaso du sarietako bat, nekazaritza jardueraren sustapenari dagokion saria, hain zuzen.

Gaur banatu dituzte 2021eko Urkome Sariak Azpeitiko Azoka Plazako areto nagusian egindako ekitaldian. Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen edo jarduera berritzaileak saritu eta landa eremuko proiektuak ezagutarazten dituzte Urkome Sarien bitartez, eta aurten –zazpigarren edizioa da aurtengoa– hamar egitasmo aurkeztu dira sariketara. Horietatik bost jaso dute diru-saria, eta irabazle bakoitzak 1.000 euroko laguntza eskuratu du. Horiez gain, seigarren sari bat ere banatu dute, Sari Irekia izenekoa. Horren irabazleak eskualdeko produktu sorta jaso du. Gaurko ekitaldian egin dute sari banaketa, eta irabazleek haien proiektuen inguruko xehetasunak azaltzeko baliatu dute hitzordua.

Urtero gisan, atalez atal banatu dituzte sariak. Honako hauek dira sei atalak: nekazaritza jardueraren sustapena; landa eremuetako jarduera ekonomikoaren sustapena; landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatu; landa eremuko balio aniztasuna agerian jarri; Iraurgi Berritzenen eta Urola Kostako Udal Elkartearen saria; eta landa eremuko emakume ekintzailea. Aurtengoan hutsik gelditu da landa eremuko balio-aniztasuna agerian jartzeari dagokion saria, epaimahaiak horrela erabakita. 

Sariak, atalez atal

Nekazaritza jardueraren sustapenari dagokion saria Maite Manzisidor zumaiarrak jaso du, Iragana ahaztu gabe, aurrera jarrai proiektuarekin. Haren proiektuak ukuiluko lana erraztea eta behien ongizatea du helburu."Gure ukuiluko lana erraztu eta berrikuntzara salto bat egiteko asmoz behiak biltzeko robota jarri dugu. Berrikuntza teknologikoak lagun izanik bi helburu lortuko ditugu, batetik behien ongizatea abalatuz, gure dependentzia murriztea, eta, bestetik, euskal baserriaren bizitza bermatzea, hori aktualizatuz", adierazi du Manzisidorrek. Era berean, emakume baserritarren presentziari ere egin dio erreferentzia Manzisidorrek. "Gaur egun oso ohikoa da 'berdintasuna' hitza, baina nahi edo nahi ez, egia da gaur egun nire anaiaren alboan indar gutxiago dudala eta emakumezkook baditugula gure mugak. Lehen baserri munduan senide gehiago izaten ziren, orain gutxiago gara, eta baserriko lanak erraztu beharra dugu. Hori dela eta, gure buruari bezala, gure behiei betebehar batzuk jarri beharrean aukera batzuk jartzea nahi izan dugu proiektuarekin. Eta horretara dator gure egitasmoa", azaldu du. Azpeitiko Udaleko Aitor Bereziartua zinegotziaren eskutik jaso du saria zumaiarrak.   

Landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapenari dagokion saria, Azpeitiko Bertan merkatari elkartearen Enkarguk proiektuak jaso du. "Proiektu honek herritarren erosketak erraztu eta merkataritza txikiari eta azokaren kontsumoa indartzeko bide berriak sortzea du helburu. Urtebeteko ibilbidea du, eta poliki-poliki hazten ari den proiektua da, geroz eta erabiltzaile gehiago baititu. Hori dela eta, oso eskertuta gaude proiektuak izan duen harrerarekin", azaldu du Enkarguken izenean saria jaso duen Uxoa Etxeberriak. Horrez gain, "elkarlanaren garrantzia" azpimarratu nahi izan du Etxeberriak. 

Landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatzeagatik banatutako saria Arroabeko Txara dendak jaso du. "Txara Arroa beheko plazan kokatzen den janari-denda da. Auzotarrek faltan botatzen genuen zerbitzua eskatzeaz gain, Txara denon topagune izateko, auzo biziberritzen laguntzeko eta inguruko produktuak sustatzeko asmoarekin sortu da. Arroan bizitzeko apustua egin dugun bi emakumeri lanpostua eman digu, eta auzotarrei kalitatezko eta bertako elikagaiak auzoan bertan eskuratzeko aukera", dio proiektuaren azalpenak. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eman die saria Txarako kideei. Haiek azaldu dutez, "Txara gertuko denda da, balore zehatzak dituena, egungo kontsumo eredua zalantzan jartzen duena eta bertako produktuen alde egiten duena".  

Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkarteak ematen duten saria Joseba Iruretagoienak eta Josu Arrutik jaso dute, Shitake onddoa, basotik proiektuarengatik. Haiek adierazi dutenez, beraien asmoa da, Shitake onddoa produzitzeko behar den materia organikoa baso garbiketetatik ateratako egurra aprobetxatuz lortzea, beste bizitza bat emanez, KM0 filosofiarekin bat eginez eta Pagoetako inguruak garbituz. "Pagoetako parke naturalean egiten diren egur noblez –haritz, ametz, pago, gaiztain, haltza…– osaturiko baso publiko edo pribatu ezberdinen garbiketetatik lortzea da gure xedea", zehaztu dute.

Landa eremuko emakume ekintzailearen saria Aiora Urbieta zestoarraren Amalda biobotanika proiektuak jaso du. Horrela dio Urbietaren proiektuaren azalpenak: "Gurea, bertakoa eta ekologikoa den sendabelar eta landare aromatikoen kalitate goreneko ekoizpena lortu nahi da egitasmoarekin. Arlo honetan EAEn dagoen hutsunea ase nahian sortu dugu Amalda. Horrez gain, gure ondare naturala eta jakintza kulturala babestuko ditugu, bisita gidatuak nahiz ikastaroak eginez". Gaurko agerraldian Urbietak azaldu duenez, balioa eman nahi die bertako eta inguruko sendabelerrei. "Kanpoko sendabelarretara ohitzen ari gara, eta hemen inguruan ditugunak ikusita, horiei balioa ematea nahi diet. Gainera, modan jartzen ari dira sendabelarrak, eta askotan, ezjakintasunaz, jendeak ez ditu errespetatzen sendabelarren erreprodukzio kateak. Beraz, horiek ezagutaraztea ere nahiko nuke", gaineratu du. 

Online bidez emandako bozen bitartez eskuratutako Sari Irekia Maite Manzisidorren Iragana ahaztu gabe, aurrera jarrai proiektuak jaso du. Abenduaren 3an ireki zen proiektuei botoa emateko epea, eta guztira, abenduaren 9a bitartean, 1.146 boto eman dituzte herritarrek. Manzisidorren proiektua izan da boto gehien eskuratu dituena.

Honako hauek dira Urkome Sarien zazpigarren ediziora aurkeztu diren hamar proiektuak:

  • Iragana ahaztu gabe, aurrera jarrai;
  • Amalda biobotanika proiektua
  • Txara janari denda
  • Labesu artisau okindegiko proiektua
  • Ametsola ustiategia
  • Enkarguk
  • Itsas kontainer gourmet onddoan ekoizteko prototipoa
  • Ikaseliku
  • Shitake onddoa, basotik