Sormenerako gune bihurtuko da Mojaxarren Komentua

Juan Luis Romatet 2021ko abe. 10a, 17:20

Komentua Kultur Topagunea proiektua aurkeztu zuen atzo Zumaiako Udalak, baita eraikina eraberritzeko proiektua ere. Honen guztiaren berri ematen duen erakusketa zabalik dago Komentuan bertan. 

San Jose komentua 2009. urtean pasa zen Zumaiako herriaren eskuetara, komentu horretan bizi ziren mojek Zumaia utzi zutenean. Ordutik, Iñaki Ostolaza alkateak nabarmendu zuen bezala, proiektu ugari jarri dira mahai gainean eraikin honi erabilera bat emateko, arrazoi batengatik edo besteagatik gauzatu ez direnak. 

Azken bi urte hauetan, ordea, Komentua Kultur Topagunea izeneko proiektuan lanean aritu da udala herriko eragileekin batera. Proposamen honek Komentua dantza, antzerki eta musikarako gune bihurtzea du helburu. Horretarako, mojaxarren komentua bera eraberrituko da, proposamen artistiko hauek guztiak jaso ahal izateko. 

Eraikinari erabilera bat eman behar zaiola azaldu zuen Ostolazak proiektuaren aurkezpen ekitaldian. Baina, aldi berean, alde zaharra biziberritzeko gai izan behar duen proposamena izan behar duela ere gaineratu zuen. "Arte eszenikoei zuzendutako espazio bat izango da. Toki egoki bat sortu behar da beraiek, erabiltzaileek, egiten duten lanketarekin sormenari lekua egiteko", gaineratu zuen alkateak.

Eragileen eskaerak eta eraikinaren ezaugarriak

Zetabi Arkitektura-Bulegoa aritu da urte hauetan eraikina eraberritzeko proiektua idazten. Aitor Zubia arkitektoak eman zuen proiektu arkitektonikoaren berri ostegun arratsaldean Komentuan egin zen ekitaldian. Arkitektoak nabarmendu zuenez, "zailtasunak izan dituzte eragileen eskaerak proiektuan txertatzeko eta, aldi berean, eraikin beraren ezaugarriak mantentzeko".

San Jose Komentua babestutako eraikina dela gogoratu zuen Zubiak. "Donejakue Bideko elementuetako bat ere bada. Hala, legeak behartzen dituen eskakizunak bete behar izan ditugu proiektua egiterakoan". Bestetik, proiektua idazterakoan Komentuaren ezaugarriak gorde egin nahi izan dituztela azaldu zuen, eta horrekin zaildu egin duela dantza edo musika bezalako jarduerak eskatzen dituzten eskakizunak txertatzea". 

Komentuaren ezaugarriak mantentze horretan, azaldu zuen ez dituztela ukituko sarrerako 'bis a bisak', tornoa, eraikin erdiko eskailera eta lehen pisuko pasilloa, ezta patio irekia ere. Eskaileraren kasuan, ebakuazio legedia beste modu batean beteko dutela ere adierazi zuen arkitektoak. 

San Jose kaletik dagoen sarrerako espazioa bere horretan mantenduko dutela azaldu zuen, sostenigarriagoa izango bada ere. Kaperan, berriz, bigarren ate bat zabalduko dute Arritokieta kaletik, sarrera printzipalaren alboan. 

Bigarren solairuan, mojen zeldak dauden pisuan, kokatuko da Musika Eskola. "Zelda bakoitzean kutxa akustiko bat sortuko da, eta bizpahiru lagunentzako gelak izango dira". Solairua, bestela, ukituko ez dela argi utzi nahi izan zuen. "Gaur egungo argazkia mantenduko da". 

Hirugarren solairuan etxe-egutera eraiki zutela gogoratu zuen. "Interbentzio bat egon zen aurretik, eta horrek errazago egin digu moldaketak egitea. Talde handientzako gunea izango dela azaldu zuen Zubiak. "Beste teilatu batekin altuera handiagoa izango du". Espazio garbia izango da, hormarik eta zutaberik gabekoa. Leihoetan saretak jarriko dira, eguzki argiaren sarrera kontrolatzeko eta, nolabait, komentu izaera hori gordetzeko. Talde handiek erabiliko dutenez, akustika ere zaindu nahiko dute, eta horretarako hormigoizko sabai batekin estaliko dute egurrezko egitura. 

Kanpoaldean ere egingo dira lanak. Hala, lorategia eta San Jose kalea lotuko dituen pasabide bat zabalduko da. Arrapala horietan geldiuneak egiteko guneak ere jarriko dituzte, "ekitaldi txikiak egiteko moduko eszenarioak sortuz". 

Erakusketa

Proiektu honen inguruko informazioa eta eraberritze planoak Komentuan bertan zabaldutako erakusketa batean ikus daitezke abenduaren 19ra bitartean, egunero 18:00etatik 20:00etara; larunbatetan eta igandetan  12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara bitartean izango da erakusketa zabalik.