Kanpalekuetara eramandako materiala, opariak eta gutunak banatu ditu Euskal Karabanak

Juan Luis Romatet 2021ko abe. 9a, 16:45

Asteazkeneko lehen orduetan heldu zen Euskal Karabana Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara. Azken bi egun hauetan eramandako materialak eta opariak banatzen aritu dira kooperanteak. 

800 kilometro jarraian egin ondoren heldu ziren Euskal Karabana osatu duten 40 ibilgailuak saharar herria errefuxiatuta bizi den kanpalekuetara. Peio Romatet Darahliko kooperanteak azaldu duenez, asteartean goizeko 6:00ak aldera abiatu ziren, eta asteazkenean, gaueko 3:00ak aldera heldu ziren kanpalekuetara, "egun oso luze baten ondoren". 

Ordu gutxi batzuk lo egin, eta asteazken goizean eramandako materiala banatu zuten. "Bakoitzak zegokion probintzietara eraman zuen materiala". Behin lan horiek amaituta, Auserdeko gobernadoreak harrera egin zien karabanan parte hartu duten boluntario guztiei. "Ondoren, kooperante bakoitza bere probintziara joan zen familiekin egotera". 

Materiala bai, baina Euskal Herriko familiek saharar familiei eta haurrei bidalitako paketeak eta opariak ere eraman ditu karabanak, eta horiek banatzen ari dira atzo eta gaur artean. "Banan banan aritu gara opari horiek banatzen". 

Goizean Auserdeko gobernadorearekin bilera izan dute Darahliren izenean kanpalekuetara joan diren hiru lagunek, Samuel Ruizek, Iñaki Aizpuruak eta Peio Romatetek. Zug herriko alkatea ere bertan izan da. "Gobernadore berria da, hilabete gutxi batzuk besterik ez daramatza karguan, eta Darahlik egiten duen lana jakin nahi zuen. Zugeko alkateak ere esan dio zer lan egin duen elkarteak urte hauetan guztietan. Samuelek, berriz, haurren oporraldien berri eman dio gobernadoreari, baita ur depositoekin eta eguzki plakekin egindako lana". 

Zarauzko eta Zumaiako gazteek kanpalekuetako gazteei zuzendutako gutunak ere eraman dituzte Darahlikoek bidaia honetan. Samuel Ruizek gobernadorearen esku utzi ditu, hark gazteen artean banatzen lagundu dezan. "Saharar gazteek gutun hauek erantzutea da helburua, bi herrien artean harremana estutzeko". 

Euskal Karabanako kideak datozen orduetan itzuliko dira, hegazkinez. "Hasiera batean larunbatean edo igandean bueltatuko ginela esan ziguten, baina badirudi ostiralean bueltatuko garela". 

Lana ondo egiteak suposatzen duen pozarekin itzuliko dira behintzat.