Adinekoen egoitzetako langileek hitzarmena berritzeko eskatu dute beste behin ere

Maria Maya Manterola 2021ko urr. 29a, 09:00

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek 253. greba eguna izan zuten atzo, osteguna. Aldundiaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten ELAk, LABek eta Gipuzkoako Senideak elkarteak deituta, hitzarmena berritzea eskatzeko.

Lan gatazkari behin betiko konponbidea eman diezaioten galdegin zuten beste behin ere atzo, osteguna, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek. Kalera irten ziren 253. greba egunean, eta "lan gatazka konpondu eta hitzarmenaz mintzatzeko" bilera eskatu zieten Aldundiaren aurrean egindako elkarretaratzean foru erakundeari nahiz patronalari negozia dezatela eskatzeko. 

Langileek salatu dute pandemian baino okerrago dabiltzala orain lanean: “Sektorizazioaren ondorioz lan kargak zeharo hazi dira, enpresek ez dituzte ordezkoak jartzen langileak bajan daudenean, eta nabarmena da lantaldea urriegia dela. Pandemiak langileengan eragin dituen ondorio fisiko eta psikologikoak agerikoak dira; hori guztia erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kaltetan doa”. 

Gaineratu dute Aldundiaren arabera adinekoen egoitzetako egoera ona dela. "Errealitate idilikoa" saltzea egotzi diete langileek foru erakundeari. "Langile bakoitzari soilik bi egoiliar dagozkion; alabaina, ratioen inguruko foru dekretuak berak batez beste zaintzaile bakoitzak 13 erabiltzaile artatu behar dituela ezartzen du. Non geratzen dira langileko bi erabiltzaile horiek?”, salatu dute.

Erabiltzaileei ematen zaien arretari ez ezik, langileen osasunari ere eragiten dio egoera horrek, langileen hitzetan. ELAk gaineratu du sindikatuen lana dela langileen profesionaltasuna aitortzea. 

"Argi dago egoitzetako gabeziak egiturazkoak direla, hein handi batean lantaldeak txikiegiak direlako; erabiltzaileek denbora luzeegia ematen dute ohean, ordu asko jan gabe, behar adinako garbitasunik gabe...", gaineratu dute. Mobilizazioek jarraipena izango dutela esan, eta hurrengo greba eguna iragarri dute. Azaroaren 12an plazaratuko dituzte berriz ere beren aldarriak.