Arritxu Marañon: "Jaien eraginak ondorioak izan ditu Zumaiako adinekoen egoitzan"

Arritxu Marañon, PSE-EEko bozeramailea atsekabetuta agertu da Zumaia gune gorrian sartu delako, 100.000 biztanleko 400 kasuko intzidentzia tasa gainditu ostean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren buletin epidemiologikoaren arabera. Pandemiaren bilakaera ez doa bide onetik, zenbaki hutsei erreparatuta. Transmisioa bere gorenean dagoela ohartarazi du eta hala dela berretsi du Eusko Jaurlaritzak emandako informazioak eta atzo argitaratutako datuek: intzidentzia tasa 457,92 "kezkagarri" batean dago. Kutsatzeen gorakadaren arrazoia sanpedroen ospakizun ez ofizialak direla susmatzen da.

Esan gabe doa larritasuna agerikoa dela, beste behin, birusa oldartuta baitago Zumaian, eta babesteko neurriak hartu dira. Eremu gorriak berekin dakar mugikortasuna murriztea, perimetroz itxitako herrietako barruko espazioetan kirola egitea baldintzatzea eta ostalaritza sektorearen jarduera mugatzea. "Zumaiako tabernek eta jatetxeek barnealdeko zerbitzua mugatuta dute, eta gosari eta otorduetan baino ezin dute arreta eman, horrek dakartzan ondorio ekonomikoekin".

Ez hori bakarrik: Zumaiako adinekoen egoitzak ere neurri murriztaileak hartu ditu birusaren aurrean babesteko. Aitzitik, larriena da gune gorrian sartzeak Zumaiako adinekoen egoitzan ondorio "zuzenak" dituela. "Bertan behera geratzen dira kalerako irteerak, eta, beraz, adinekoak ezin dira kalera irten paseatzera”.

Jakin badakigu Zumaiako adinekoen egoitzako prebentzio-neurrien protokoloa egokitu dutela erakundeek, bertako erabiltzaile eta langile guztiek COVID-19aren aurkako txertoa jartzea lortu ostean. Txertoa hartu ondoren koronabirusa izateko arrisku nabarmena txikiagoa baldin bada ere, arriskua ez da erabat desagertzen, txertoak ez baitie erabateko babesa bermatzen txertatutako pertsonei.

Bestalde, egiaztatu da txertoak eraginkorrak direla ospitaleratzeak saihesteko. Are gehiago, ospitaleratzeak saihesteko ez ezik, infekzioa ez garatzeko ere eraginkorrak direla ondorioztatu dute adituek. Hala ere, eta nahiz eta COVID-19aren aurkako txertaketa prozesua azkartzen ari den, herritar guztiak ez daude txertatuta, eta, beraz, kutsatu egiten dira, eta birusaren gordelekuak izan daitezke, beste pertsona batzuei transmititzeko gai.

Egoera horren aurrean, zinegotzi sozialistak "erantzukizuna" eskatu die herritarrei. "Zumaiako herritar gehienak osasun-neurriak betetzen ari dira; hala ere, zenbaitek oraindik uste dute ez garela ari pandemia bat jasaten, eta gure osasun-sistema ez dagoela egoera kritikoan. "Badakit gutxiengoa direla neurriak betetzen ez dituztenak, baina garrantzitsua da berriro esatea arduratsuak izan behar garela. Herritarren arteko elkartasuna funtsezkoa da pandemiaren kontra borrokatzeko, eta elkarrekin lan egin behar dugu krisi ekonomiko eta sozial honetatik ateratzeko ere".

Azkenik, Marañonen arabera, "ez dago formula magikorik. Munduko hiri eta herri guztiak ari dira birus hori pairatzen. Neurriak betetzea funtsezkoa da egoera epidemiologikoari aurre egiteko ". Zumaiako herritarrei erantzukizunez jokatzeko eskatu die, txertoa jarri gabeko herritarrak babesteko.