Erromesen aterpetxea urriaren 15era arte egongo da zabalik

Baleike 2019ko api. 23a, 14:40

Aste Santu honetan Donejakueko Bidea egiten ari ziren erromes ugari igaro dira Zumaiatik. Askok bidea jarraitu dute; beste batzuek, ordea, ostatua hartu dute Komentuan dagoen erromesen aterpetxean. Izan ere, aterpetxea zabalik dago apirilaren hasieratik, eta urriaren 15era arte izango ditu ateak irekita.

Aurten ere irabazi asmorik gabeko Gipuzkoako Donejakue Bide Lagunen elkartea izango da aterpetxeko kudeaketaren arduraduna. Horrenbestez, Zumaiatik pasatzen diren erromesek borondatezko dohaintza truke lo egin ahal izango dute Komentuko aterpetxean. Ordutegia 15:00etatik 22:00etara bitarte izango da eta gehienez eguneko 25 lagunentzako ostatua eskainiko da.

Gordailuetatik ateratako herena Zumaiako Udalari emango dio elkarte arduradunak eta Udalak aldi berean, azken bi urteetako ekimenari jarraipena emanez, gizarte helburua duten elkarteen artean banatuko du diru hori. Gainerakoa aterpetxeko gastuak (argindarra, ura, gasa, mantenua, etab.) ordaintzeko erabiliko da.