Ezpalaken rock gitarreroak badu jada bere lehen diskoa

Baleike 2019ko api. 7a, 11:18
Argazkia: Galder Izagirre

Ezpalak laukoteak lehen diskoa atera berri du. Horren atarian taldeko baxu jotzaile Unai Eizagirre zumaiarrarekin egon ginen laukotearen berri izateko.

Zerk batzen dute Grises taldearen pop dantzagarria eta Voltaiaren stoner-punka? Batetik, Eñaut Gaztañagak: Grises talde zestoarraren abeslari eta gitarra jotzaileak ekoiztu ditu hirukote zumaiarraren azken bi diskoak. Eta, bestetik, 1980ko hamarkada amaierako eta 90eko hasierako rock alternatiboaren maitasunak. Horrek denak bat egin du aste honetan lehen diskoa atera duen Ezpalak taldean.

Talde desberdinetan aritzen diren lau lagunek osatzen dute Ezpalak. Eñaut Gaztañaga (GRISES), Unai Eizagirre (Voltaia), Xabi Arrieta (Passepartout) eta Juanjo Berasain (Los Moths) dira laukoteko partaideak. Iaztik aritu dira lanean, isilpean, eta azken asteotan plazaratu dituzte lehen emaitzak: martxoaren 21ean aurkeztu zuten lehen abestia, Atarian (Amancay Gaztañagak egindako bideoklip batekin), eta aste gutxira, abaila batean, taldearen izen berea daraman diskoa etorri da.

“Eñautek bazuen zerbait rockeroagoa egiteko gogoa. Aurreko urtean pare bat taldetan aritu zen ordezkaketa batzuk egiten; gustua hartu zion, eta taldea osatzeko gogoa izan zuen”, dio Unai Eizagirrek, Voltaia taldeko kideak, eta Ezpalakeko baxu jotzaileak. Kontzertuen ostean izaten diren konbertsazioetan izan zuen zumaiarrak gogo horren berri. “Iaz Grisesekin pare bat kontzertutan egon nintzen. Eñautek kantu batzuk gordeta zituela esan zidan, eta kontutan hartuta aurten Grisesek ez dituela hainbeste kontzertu emango, elkarrekin zerbait egitea proposatu zidan. Euskaraz zerbait egin nahi zuen, zerbait rockeroagoa, Dinosaur jr. taldearen estilokoa”, du gogoan Eizagirrek. Bateria jotzailea inguratuta, Arrieta, lehen entsegu batzuk egin zituzten. “Hasieran hirurok bakarrik geunden. Eñautek pentsatu zuen abeslari bat beharko genuela. Tuterako lagun bat ezagutzen zuen, eta ondo abesten zuela esan zigun”. Juanjo Berasain zen lagun hori. “Harekin probatu genuen, ondo joan zen, eta kantak grabatu genituen. Inork ez du esango euskara ez dakienik!”, dio Eizagirrek barre batekin.

Diskoa Gaztañagak Zestoan duen Gaztain Estudioan grabatu dute. “Kantak aurretik grabatuta zituen, baina berriro grabatu ditugu laukotearekin. Abestiak berregin ditugu, aldatu, melodiak landu, bateriaren afinazioa eta baxuaren soinu egokia landu. Buelta asko eman dizkiogu, baita nahasketei ere, hasieran ez geunden eta oso gustura”.

Emaitza dagoeneko kalean da. Martxoaren 21ean lehen aurrerapen bat etorri zen: Atarian izeneko abestia. Denbora gutxira Itsasoaren aurrean abestia eman zuten ezagutzera irratsaio batean, eta aste honetan bertan taldearen izena daraman lehen diskoa plazaratu dute. Bederatzi kantaz osatzen da CD hau. “Disko laburra da, energetikoa, abesti zuzenez osatutakoa”, dio baxu jotzaileak. Diskoak 1990eko rock alternatiboaren eragina duela dio Eizagirrek. “Eñaut Dinosaur jr. taldea entzuten aritu zen pasa den urtean. Berez, guk ere Voltaian estilo hori dugu gogoko, oso indartsua dena. Niri beti gustatu izan zaizkit Soundgarden edota Screaming Trees bezalako taldeak. Voltaiarekin estilo hori jorratzen dugu, eguneratuta bada ere”.

Diskoaren azala Gatza Factoryk egin du eta taldearen kontzertuetan izango da salgai. Zumaian Ertz Informatikan ere aurkitu ahal izango da. “Ari gara kontzertu batzuk lotzen. Berez, talde hasiberria gara eta ez da hain erraza egiten”.