Itzurungo kantina, komunak eta dutxa zerbitzuak esleitzeko lehiaketa deitu du Udalak

Baleike 2019ko api. 6a, 18:38

Itzurun hondartzako taberna-kafetegia, komunak eta dutxa zerbitzuak ematea xede duen kontratuaren esleipen prozedura jarri du abian Udalak.

Kontratuaren balioa 98.667,31 eurokoa da. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua hobetu ahal izango dute lizitatzaileek beren eskaintzen bidez.

Kontratuaren exekuzio epea 2019ko ekainaren 15etik 2021eko urriaren 31 artekoa izango da. Horiez gain, datozen urteetan zerbitzua nahitaez eman beharko da data hauetan:

  • Aste Santu aurreko aste bukaeratik Aste Santu osteko aste bukaeraraino.
  • Maiatzeko aste bukaerak.
  • Ekaineko aste bukaera guztiak eta ekainaren 15etik irailaren 15eraino egunero.
  • Irailaren 15etik urriaren amaierako aste bukaera guztiak.

Dena den, aurtengo urteari dagokionez, zerbitzua ematen hasiko da kontratua formalizatzen den egunean.

Pertsona fisiko nahiz juridikoak aurkeztu daitezke. Arrisku profesionalak estaltzeko 300.000 euroko kalteordainen aseguru-poliza bat aurkeztu beharko dute, eta honako betekizun hauek egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztuko dira:

  • Ostalaritzan gutxienez urtebeteko esperientzia egiaztatu beharko da, arduradun, zerbitzari edo sukaldari gisa, azken hiru urteetan.
  • Elikagaien manipulatzaile txartela behar duten langileek hori badutela egiaztatu beharko dute prestazioa hasi aurretik.
  • Lizitatzaileak eskatutako hizkuntza maila betetzen duela egiaztatu beharko du (Europako Erreferentzia Esparruko B2 maila, ahozkoa), prestazioa hasi aurretik.

Eskaintzak aurkezteko lekua eta epea

Lizitazioa bitarteko elektronikoen bitartez izapidetuko da. Lizitatzaileek ezinbestean bitarteko elektronikoak erabiliz prestatu eta aurkeztu behar dituzte euren eskaintzak Lizitazio Elektronikorako Plataformaren bidez: www.contratacion.euskadi.eus.

Aurkezteko azken eguna:  apirilaren 16a, 15:00etan.

Informazio gehigarria www.zumaia.eus webgunean dago, kontratatzailearen profila atalean.