Roman Zabaleta: “Pilotu batek sentitzen ikasi behar du, eta sentitutako hori mekanikoari kontatzen"

Baleike 2019ko api. 4a, 19:00

Umetatik uztartzen ditu bizikleta eta motorra Roman Zabaleta gazteak. Txirrindularitza oso gustukoa duen arren, motorra da bere pasioa. Supermotard izeneko mailan aritzen da, eta asteburuan ekingo dio denboraldiari Valentzian.

Legazpiarra jaiotzez, duela bi urte etorri zen Zumaiara Roman Zabaleta (2003) gaztea. Umetatik hasi zituen bi kirolak uztartzen ditu gaur egun ere: txirrindularitza eta motorra. Viveros San Anton txirrindularitza taldean dabil kadete mailan eta errepideko denboraldi bete-betean aurkitzen da. "Asko gustatzen zait txirrindularitza, baina maila ona izan behar da eta horrek exigentzia handia dakar”, esan du. Txirrindularitzan jarraitzearen arrazoiak bi direla aitortu du: “Alde batetik, oraindik ikasketekin eta motorrarekin uztartu ahal dudalako, eta, beste aldetik, motorrerako ematen didan maila fisikoarengatik”.

Kirol bati besteari baino garrantzi gehiago ez diola ematen nabarmendu du Zabaletak, baina bere pasioa motorra dela azpimarratu du. 6-7 urterekin ekarri zioten lehenengo aldiz motor txiki bat. “Familiatik datorkit zaletasuna. Aita motorretan ibiltzen zen, eta osaba, berriz, kotxeetan”. Zahartzen ari zen heinean, pixkanaka-pixkanaka, motor handiagoetan ibiltzen hasi zen, eta iaz, 15 urterekin, Espainiako supermotard txapelketan hasi zen lehiatzen. “Supermotardeko motorrak 450 zentimetro kubikokoak, 100 kilokoak eta 65-70 zaldikoak dira. Motokroseko txasisa izaten dute, marrazkirik gabeko gurpilak eta esekidurak prestatzen zaizkie”. Maila horretan bi kategoria bereizten dira: asfaltoa eta lurra. “Beste motor estiloetatik hain zuzen hori da bereizten duena; lurrean egin daitekeela, nahiz eta nik asfaltoa bakarrik probatu dudan oraingoz”.

Entrenatzeko zirkuiturik ez

Euskal Herrian motorraren inguruko kultura handia dagoela aipatu du. Arazo nagusia, ordea, zirkuitu falta da. “Motokrosekoak badaude, baina asfaltokoa Olaberrian bakarrik dago eta nire mailarako ez da baliagarria”. Bere iritziz, zirkuituak egiteko tokiak badaude, baina, momentuz, kanpora irten behar dute. “Entrenatzeko dudan zirkuiturik egokiena eta gertukoena Aranda del Dueron (Burgos) dago. Nafarroako Los Arcosen ere badaude beste bi eta hara ere joaten naiz: denboraldia hasi aurretik hilean bitan edo, ondoren, behin”.

Espainiako txapelketa asteburuan hasiko du Valentzian, eta orotara, laupabost jardunaldi edo lasterketa izango ditu. “Lasterketa dudan asteburuetan ostegun gauean joaten naiz, eta ostiralean entrenamendu libreak izaten ditut. Larunbat goizean entrenamendu libreek jarraitzen dute, eta arratsaldean kronometratuak izaten dira: hogei minutuko bi. Igandean, beroketa batzuk egiten ditugu hasieran, eta ondoren, lasterketa hasten da”, kontatu du. Motorrean esfortzu handia egiten dela adierazi du Zabaletak: “Besoa, bularra eta bizkarra adibidez asko lantzen dira”.

Mekanikaz ezagutza handitu duela ere aipatu du. “Pilotu batek sentitzen ikasi behar du, eta sentitutako hori mekanikoari kontatzen. Mekanikoak motorraren geometria eta funtzionamendua ezagutzen du, eta beharrezko aldaketak egiten ditu motorra ahal den perfektuena izateko. Entrenamendu libreek horretarako balio dute: motorra prestatu eta zirkuituari egokitzeko”. Lasterketetara osaba eramaten du mekaniko gisa Zabaletak, eta aita ere joaten da. Azkenean biei esker ikasi du motorrean ibiltzen.

Hobetzeko helburua

Iaz egin zuen supermotard mailarako jauzia Zabaletak, eta saltoa handia izan zela  nabarmendu du. “60-70 kilo pisatzen zuen motor batetik, 100 kilokoa hartzera pasa nintzen. Hala ere, gehienbat, kolpeetan igarri nuen mailaz igo nintzela. Erortzean kolpeak handiagoak dira”. Hasieran galdu xamar egon zela aitortu du, baina pentsatzen zuena baino hobeto ibili zen. “Ez  neukan Espainiako txapelketa irabazteko mailarik, ezta gutxiago ere. Sergio Muñoz izan zen garailea, eta pentsa, 35 segundoko zirkuitu batean, buelta bakoitzeko 3 segundoko abantaila ateratzen zidan”.

Denboraldi honetarako asmoa, berriz, iazko denborak jaistea da. “Pilotu bezala hobetu nahi dut. Posizio ona egitea baino denbora jaistea lortu nahi dut, eta horretarako motor berria ere ekarri dugu”.