ETSk eta Arte Ederren Fakultateak tren geltokiko mosaikoa zaharberritzeko hitzarmena sinatu dute

Baleike 2019ko api. 3a, 16:30
Argazkiak: ETS.

Mosaikoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren armarria irudikatzen du. Hitzarmenaren helburua da ETSren (Euskal Trenbide Sarea) eta EHUren (Euskal Herriko Unibertsitatea) artean harremana ezartzea.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sareak lankidetza hitzarmena sinatu du EHUko Arte Ederren Fakultatearekin. Horri esker, Zumaiako tren geltokian dagoen mosaikoa zaharberritzeko lanetan hasiko dira Aste Santua ondoren.

Hitzarmenaren xedea da ETSren eta unibertsitatearen artean harremana ezartzea, hala, 'Kultur Ondasunen Kontserbazio eta Zaharberritze graduan' matrikulatuta dauden ikasleek gradu amaierako praktikak edo/eta lanak egin ditzaten. "Kasu honetan, ETSk Zumaiako geltokian dituen tren instalazioetan dagoen Gipuzkoako Foru Aldundiaren armarria irudikatzen duen mosaikoa aztertzea eta bertan premiaz aritzea da, izan ere, bere kontserbazio egoera oso txarra da", adierazi dute ETStik.

Hain zuzen, ETS arduratuko da ikasleak orientatzeaz eta lan akademikoak eta kontserbazioarekin loturikoak aurrera eramateko ikerketan eta informaziorako sarbidean laguntzeaz. EHUk, bere aldetik, lanetarako aholkularitza eta tutoretza emango du.

Mosaikoaren kontserbaziorako tratamendu puntualetik sortzen diren gastuak, aldamioak, hesi perimetralak eta behin behineko babesa, besteak beste, ETSren kargura egongo dira. Horrela, bi erakundeek hitzarmenaren garapenerako eta jarraipenerako batzordea eratuko dute, gauzatu beharreko jarduketa guztiak koordinatzeko eta eman daitezkeen interpretazio eta betetze arazoak ebazteko eta argitzeko.