Elena Irureta: "Patriaren trama oso gogorra da, eta gizatasuna ematen saiatzen ari gara"

Baleike 2019ko mar. 31a, 15:00

Azken hilabeteotan hainbat proiektutan hartu du parte Elena Irureta aktore zumaiarrak, besteak beste, Telmo Esnal eta Asier Altunaren 'Agur Etxebeste!' komedian eta 'Patria' eleberriaren telebistako egokitzapenean. 

Bittoriren azalean sartu zara Patrian. Nor da Bittori?
Bittori erbestera joan zen senarra hil zutenean; Miren [Ane Gabarain], berriz, ETAko kide baten ama da. Filmean ikusten da hogei urte pasa direla gatazka horretatik, eta bere senarra nork hil zuen argitu nahiko du Bittorik. Jendearekin bakea bilatu nahi du. 

Harreman ona dugu Felix Viscarretekin [zuzendaria], eta kontuan izaten du aktoreok pertsonaien inguruan esaten dioguna. Aldaketa batzuk ere egin ditu, gauza batzuk gogorrak egin zaizkigulako. Adibidez, oso pertsonaia zorrotzak ditugu Ane Gabarainek eta biok. Trama oso gogorra da, eta gizatasuna ematen saiatzen ari gara. Pertsonaiek ez dakite gatazka hori nola kudeatu, eta hori da azaldu nahi duguna, zama gehiagorik gabe. 

Hamabost urteren ondoren, Telmo Esnal eta Asier Altunaren zuzendaritzapean, berriz elkartu zen joan den abuztuan Etxebeste familia. 
Zoragarria izan da. Abuztuan hasi ginen, eta irailean amaitu. Nire ustez, oso ondo dago pelikula hori. Lehenengoa hain polita izanik, hasiera batean ez nuen uste ondo irtengo zenik. Telmo Esnalek esan zidan gidoiarekin pozik zeudela. Nik ohean nengoela egin nuen lehen irakurraldia, eta algara batzuk bota nituen. Askotan pentsatu dut lehenengo zatia ez zela barre eginarazten dizun horietakoa. Irribarre egin zenezakeen, agian, egoera xelebre hura ikusita. Baina uste dut idealizatu egin dugula. Bigarren zati hau, ordea, graziosoagoa da. Guk ere barre asko egin dugu grabaziotan, baita gidoian negar egitea egokitzen zitzaigunean ere. Irailean estrenatuko dute, baina dagoeneko amaitu dute guztia.

Ez da lehenengo zatiaren jarraipena, beste istorio bat delako. Hamabost urte pasa dira, eta alkatetzan tranpetan aritu da Etxebeste. Iruzurren berri jakingo dute guztiek, eta egoerak larrituta, osasun arazoak izango ditu. Maria Luisa emaztea jarriko da haren lekuan, eta erabat aldrebestuko da giroa. 

Komedia ala drama?
Komedia egitea askoz ere alaiagoa da, baina grabatzera joaten zarenean zure pertsonaia egin behar duzu, ez dago besterik. Patrian ere gustora gabiltza, trama izugarria izan arren. Gure artean giro ona dago, ondo konpontzen gara. Guztiak gara euskaldunak, eta ezagutzen ginen lehendik ere. Nire gizona, esaterako, Joxe Ramon Soroiz da. Gurekin batera, Mikel Laskurain [Mirenen gizona], Iñigo Aranbarri [Bittoriren semea], Eneko Sagardoi, Jon Olivares eta Loreto Mauleon [Mirenen seme-alabak] ere aritu dira. 

Telesailen urrezko aroan omen gaude. Eragina izan du zure lanean?
Ez dut uste, nik ez daukadalako lan askorik. Hala ere, orokorrean telesailek lana eman dutela iruditzen zait. Estatuan 33.000 aktoretik gora gara, eta hori asko da. Datuen arabera, langabezia % 92koa da. Telesailek jende asko mugitzen dute, bai aktoreak eta baita teknikoak ere. Patria-n, esaterako, 60 edo izango dira guztira. Pelikula bat bost edo sei astean egiten da, baina telesailak asko luzatzen dira. 

Antzerkian, 'El Florido Pensil'-en ikusi zintugun azkenekoz.
Gustora egin genuen, lagun artean. Hala ere, geroz eta gutxiago aritzen naiz. Biran aritzea, adibidez, oso gogorra da. Funtzio bat Gijonen atera daiteke, hurrengoa Marbellan. Askotan furgoian joan izan gara, kilometro asko egin, eta funtzioa amaitu ondoren itzuli. Gauza askotarako egon behar duzu prest. 

Ama begira zazu-rekin ere hala ibiltzen ginen: furgoneta kargatu, bidaiak egin, deskargatu… gutxienekoa zen ordu eta erdiko funtzioa. Baina gaztea zarenean, ilusio gehiago izan dezakezu. 

Gainera, lanak banaka hartzea gustatzen zait. Funtzio bat gustoko izango banu egingo nuke, baina ez daukat hainbeste ilusio. 

Eta 'Patria'-ko grabaketak amaitu ondoren?
Zortzi kapitulo ditu Patriak, eta abuztuan amaituko ditugu grabaketak. Ez dut pentsatzen gero zer egingo dudan, inoiz ez delako zuk pentsatutako hori betetzen. Hala ere, zorte handia izan dugu nik eta nire belaunaldiko aktoreek. Euskal Telebistan hasi ginenean ez ginen asko, baina guztiok jarraitu dugu.

Ane Gabarain eta Joxe Ramon Soroizekin batera egin nuen, esaterako, Bi eta bat telesaila, eta hontan ere elkarrekin gabiltza, hogeita hamar urte beranduago.