Amaitu dituzte hilerrian kolunbarioa eraikitzeko lanak

Baleike 2019ko mar. 30a, 10:57

Argazkia: Zumaiako Udala.

Hilerrian 192 horma hobietan hilotzen errautsak jaso ahal izango dira. Osteguneko ohiko plenoan onartu zuten behin behinekoz kolunbarioaren erabilera arautzen duen ordenantza.

Kolunbarioa eraikitzeko lanak amaitu dituzte dagoeneko. Hainbat hobekuntza ere egin dituzte hilerrian: goiko atea eta paretak txukuntzea, eskilarak konpontzea eta baranda berriak jartzea, besteak beste.

Hilotzak errausteko gero eta joera handiagoa dagoela uste du udalak. Horregatik, ohitura berriei egokitutako zerbitzua eskaini nahi izan diete herritarrei. Egindako lanei esker, hilerrian 192 horma hobietan hilotzen errautsak jaso ahal izango dira.

Erabilgarri egon dadin udal hilerriaren erregimen eta funtzionamendurako araudiaren aldaketa onartu da behin behinean. Agerraldi publikoa bukatu ondoren, alegaziorik ezean, behin betiko egongo da onartuta eta kolunbarioa martxan jarri ahal izango dute. Pertsona interesdunek udaletxean egin beharko dute horiek erabiltzeko eskaera.