'Grande America' ontziaren fuela, gero eta gertuago

Baleike 2019ko mar. 27a, 19:56

'Grande America'-k sutan, hondoratu baino lehen.

Martxoaren 12an hondoratu zen Grande America garriontzia gure kostaldetik 400 bat kilometrora. Orduz geroztik, sabelean zeramatzan 2.200 tona fuel isurtzen ari da. Bi aste pasa dira eta jadanik 200 bat kilometrora gerturatu da fuel orbanen frontea.

Hanburgotik (Alemania) Casablancara (Maroko) hainbat gai garraiatzeko enkargua zuen Grimaldi enpresaren Grande America garraiontziak, baina martxoaren 10ean Bizkaiko Golkoaren erdian motorrak gelditu eta larrialdi mezua zabaldu behar izan zuen kapitainak, barkuan piztu zen suteari aurre egin ezinik. Eskifaia osatzen zuten 27 lagunak onik erreskatatu zituzten, baina ontzia ezin izan zuten salbatu eta hondoratu egin zen martxoaren 12an. 4.600 metroko sakoneran dago orain 214 metroko erraldoia. Orduz geroztik, sabelean zeramatzan 2.200 tona fuela isurtzen ari da, eta garraiatzen ari zen hainbat gai oso toxikoak dira.

Dagoeneko bi aste pasa dira istripua gertatu zenetik eta oraindik fuela ateratzen ari da ontzitik. Itsasontzia Zumaiatik 400 bat kilometora dago hondoratuta, La Rochelle parean mendebalderantz eta Gijon parean iparralderantz, gutxigorabehera. Bi orban nagusi osatu ziren lehen egunetan, baina gaur egun 50 bat kilometroko luzera du fuel fronteak. Bederatzi ontzi ari dira itsasoan fuela bildu nahian, baina itsasoaren baldintzak zailak ari dira izaten lanerako. Gaur bertan bi ontzi La Rochelleko portura iritsi dira bildutako fuela deskargatzera.

Frantziako Itsas Prefekturaren mapa hauetan ederki ikusten da fuelaren ibilbidea. Martxoaren 18koa da ezkerrekoa, 24koa eskuinekoa.
 

Frantziako Itsas Prefektura istripua gertatu zenetik egunez egun ematen ari den informazioaren arabera, ondoriozta daiteke fuela gero eta gertuago dagoela gure kostaldetik. Argos balizen sistemari eta Sentinel-1 sateliteei esker ari dira fuel orbanen ibilbidearen jarraipena egiten, eta dagoeneko gugandik 200 bat kilometrora gerturatu da: Bordele pareraino jaitsi da hegoalderantz, eta ertzetako bat Kantabria aldera mugitu da mendebalderantz. Egia da egunetik egunera aldakorra dela fuelaren ibilbidea, haizeak nondik jotzen duen. Azken egunotan ekialdetik ari da jotzen nabarmen eta horrek berriro Asturias aldera bultza dezake, baina bi aste hauetako joerari eta haize eta itsasoaren ohiko norabideari erreperatuz gero, aukera asko daude lehenago edo beranduago fuela iritsiko gure kostaldera iristeko.

Prefekturak gaur bertan emandako azken parteko mapa.
 
Sentinel-1 satelitetik ateratako irudia: Grande America-k isuritako fuela. Hamar kilometroko eskalarekin kalkula daiteke orbanaren tamaina.
 

Fuela bakarrik ez

Gehienok gogoan daukagu Prestige petroliontziak eragindako hondamendia, itsas bazterra txapapotez belztuta. Orduan 80.000 tona fuel izan ziren, askoz gehiago; baina orduan ere ez omen ziren gure kostaldera iritsiko eta azkenean hemen izan genuen mamu beltza. Grande America-ren kasuan, litekeena da askoz sakabanatuago iristea galipot opilak.

Baina ez da fuela kezka bakarra. Grande America-k Casablancara zeramatzan gaien artean bazeuden hainbat oso toxikoak. Frantziako Robin des Bois elkarte ekologistak egindako eskaerari erantzunez, itsasontziak zeraman kargaren berri eman dute agintariek (hemen zerrenda), eta badaude larritzeko arrazoiak: 1.050 tona gai arriskutsu zeramatzan itsasontziak. Besteak beste, itsas bizidunentzat oso kaltegarriak diren 720 tona azido klorhidriko, 82 tona azido sulfuriko, aerosolak, erretxinak, plastikoak... Gai erradiaktiborik ba ote zeraman ere galdetu dute –ez da hain ezohikoa– eta erantzuna ezezkoa izan da. Bitxikeria modura edo: 2.100 ibilgailu zeramatzan Grande America-k (1.212 auto berri, 64 makina handi, 190 kamioi, 22 autobus...).

Itsasontziak hainbat gabezia zituen

1997an itsasoratu zuten lehen aldiz Grande America, eta ordutik 40 bat ikuskatze pasa ditu Thetis datu basearen arabera. 2017ko urtarrilaren 19tik 2018ko urriaren 26ra lau aldiz ikuskatu zuten, eta zenbait gabezia aurkitu zizkioten. Azpimarratzeko da 2017ko apirilaren 24ko azterketan suteei aurre egiteko sisteman gabeziak aurkitu zizkiotela. Aurrez, 2010ean, bederatzi egunez Tilburyko (Ingalaterra) portuan atxikita izan zutenorduan ere suteen kontrako neurri egokiak ez zituelako.

Eusko Jaurlaritzak oraingoz ez du aurreikusten fuela datozen egunetan gurera irits daitekeenik. Fuel orbanen segimendua ari dira egiten oraingoz, eta bilakaeraren arabera hartuko dituzte neurri gehiago, segurtasun kontseilari Estefania Beltran de Herediaren arabera.  

Erlazionatuak

Txapapote egunak

Gorka Zabaleta 2007 aza 10 Zumaia