Surf eskolentzat hiru eremu gordeko dira Itzurunen eta beste bat Santiagon

Baleike 2019ko mar. 27a, 10:26

Uda saioan hondartzetan uretako kirol jarduerak arautzeko irizpideen berri eman du Udalak. Guztira lau eremu gordeko dira, hiru Itzurunen eta bat Santiagon. Interesdunek maiatzaren 31ra arte dute proposamen txostena aurkezteko.

Itzurunen hiru eremu

Itzurunen hiru eremu zehaztu ditu Udalak surf eskolentzat: San Telmo aldea 1, San Telmo aldea 2 eta Itzuruntxiki aldea. Hondartzako sorosleek mugatuko dituzte surf eremuak banderekin, eta itsasoaren egoeraren arabera lekuz alda daitezke. Saio bakoitzean parte har dezaketen ikasleen kopurua ere mugatu du Udalak: 8:00etatik 10:00etara gehienez hamar; 10:00etatik aurrerako saioetan, gehienez sei. Ikasleak kolore bereko likrarekin identifikatuko dira. Bestalde, egunean bi ordu gordeko dira (9:00etatik 11:00etara) Udalak Foru Aldundiaren Uda Kanpainaren barnean antolatzen dituen hastapeneko surf eta bodyboard ikastaroentzat.

Santiagon bat

Santiagon eremu bakarra izango da uretako kirol jarduerentzat: ibai aldea. Han ere sorosleek jarriko dituzte banderak eta eremua aldatzeko eskumena izango dute itsasoaren egoeraren arabera. Ikasle kopuruari dagokionez, hamar onartuko dira gehienez saio bakoitzeko.

Eskaerak aurkezteko

Interesa duten surf eskolek maiatzaren 31ra arte dute txostena aurkezteko epea, Zumaiako Kirol Patronatuko erregistro orokorrean (Basadi Auzategia, 16).