Jose Miguel Egaña Lazkano omenduko dute gaur, bere heriotzaren 50. urteurrenean

Baleike 2019ko mar. 27a, 08:33

Gaur orain 50 urte zendu zen Jose Miguel Egaña Lazkano arroarra, Urolaren itsasadarrean izandako piragua istripuan. Gaur omenaldia egingo diote Zumaian, eta igandean bere omeneko meza izango da Arroa Behean.

1969ko martxoaren 27ko arratsaldean, Arroako Gu Ere Bai piragua klubeko lagun talde bat Zumaian, Urolaren itsasadarrean, entrenatzen ari zen. 20 urteko Jose Miguel Egaña Lazkano taldekidea egun horretan zendu zen piragua istripuan, uraren bat-bateko tenperatura aldaketagatik. Desagertu egin zen, eta bere gorpua 20 egun beranduago aurkitu zuten Hondarribian.

Arroako bere lagunek “esker onarekin” gogoratzen dute Zumaiako arrantzaleak, eta Arroako eta Zumaiako bizilagunak berehala hasi zirela bere bila. “Batzuk txalupetan ibaiaren bokalea ixteko sareak jarri zituzten, eta beste batzuk bilatze lanetarako txandak egin zituzten”, diote Egañaren lagunek.

Arroako Gu Ere Bai piraguismo kluba sortu berria zen, eta ezbehar honen ondoren bere jarduera laburra eten zuen. “Guretzat ia anaia den Zumaiako Itxas-Gain klubak urtero oroitu du Jose Miguel, hura desagertu zen lekuan eraikitako monolitoan egindako lore eskaintzekin”.

Aurten 50. urteurrena gogoratzen da, eta Itxas-Gainek bere piraguistak deitu ditu lore eskaintzan parte hartzeko. Ekitaldia gaur 17:30ean egingo da. Arroako Gu Ere Bai klubeko lagunek eta Arroako bizilagun elkarteko kideek ere ekitaldian hartuko dute parte. Arroako eta Zumaiako bizilagunei ere dei egiten diete bertan parte hartzera.

Horrez gain, igande honetan, martxoaren 31n, eguerdiko ordu batean, meza eta omenaldia egingo diete Arroa Behean.