Sahararen aldeko janari bilketa egingo du Darahlik aste honetan

Baleike 2018ko urt. 16a, 19:12

Darahliko Samuel Ruiz eta Ibon Ibarguren pasa den abenduan kanpalekuetara egindako bidaiako bilera batean.

Ostiralera arte ikastetxeetan egingo da bilketa eta asteburuan herriko bost supermerkatuetan. Aste Santuan 85 lagun joango dira Zumaiatik Tindoufeko errefuxiatuen kanpalekuetara.

Aste Santuan egingo den bidaiara Maria eta Jose Ikastetxeko eta Zumaiako Herri Eskolako DBH-4ko 65 haur joango dira. Hauei beste hogei laguneko talde bat gehituko zaie: elkarteko kideak, sendagilea eta erizaina, eta orain hiru urteko bidaian parte hartu eta orain begirale moduan joango diren zenbait gazte.

Pasa den abenduan izan ziren elkarteko kide batzuk Tindoufeko kanpalekuetan. Zumaiarekin senidetuta dagoen Zug herriko alkatearekin eta Auserd eskualdeko gobernadorearekin bildu ziren, hurrenez hurren, bidaia prestatzeko.

Aurretik, baina, izango dira Saharako herriarekin lotutako ekintza gehiago. Hala, aste honetan bertan, janari bilketa egingo da. Gaur hasi eta ostiralera arte ikastetxe mailan egingo da bilketa, Zumaiako Herri Eskolan eta Maria eta Jose ikastetxean. Larunbatean, berriz, Zumaiako bost supermerkatuetan jasoko da kanpalekuetara bidaliko den janaria eta beste produktuak.

Atun eta sardina latak, azukrea, konpresak, lekaleak, pasta, dilistak, arroza eta kadukatu gabeko sendagaiak jasoko dira. Larunbatean, goizez eta arratsaldez, Eroskiren hiru supermerkatuetan, BMn eta DIAn jasoko dira produktu hauek. Gero, behin pisatu ondoren, kamioi baten bidez eramango dira kaxak Donostiara eta, aste batzuk barru, Euskal Karabanaren bidez bideratuko dira errefuxiatuen kanpalekuetara.

Darahli elkarteko koordinatzaile Samuel Ruizek gogoratu duenez, iaz 3.000 kilotik gora elikagai eta konpresa bildu ziren Zumaian. “Inoiz bildutako kopuru handiena iazkoa izan zen. Aurtengo bilketari lema jarri diote gazteek eta da Zumaiako biztanleko kilo bat jaso behar dela. Ikusiko dugu ea hala den”.

Zesta punta jaialdia

Janari bilketa ez da izango, ordea, Sahararen alde datozen egunotan Zumaian egingo den ekintza bakarra. Hilaren 27an, larunbata, 19:00etatik aurrera, zesta punta jaialdia jokatuko da Aitzuri frontoian.

Lau pilotari handi izango dira lanean Zumaiako frontoi luzean: Iñaki Osa Goikoetxea eta Gotzon Enbil zumaiarrak, Mikel Egiguren eta Eric Irastorzaren aurka. Pasa den abenduan profesional mailako azken partida jokatu zuen Enbilek, baina partida honekin esango dio agur puntista zumaiarrak bi hamarkadako ibilbideari. Aurretik, zesta punta eskolako pilotari gazteen partida jokatuko da. Sarrerak 10 euroan daude salgai Zumaiako turismo bulegoan, Aitzuri frontoian, Lubaki kiroldegian BQD Bidaiak agentzian, eta Sei Zortzi tabernan.

Polemika sarrerengatik

Jaialdiko sarreren inguruan polemika ere piztu da partidak ikusteko haurrek ordaindu behar izango dutelako. Kexa hauei ohar baten bidez erantzun du Darahlik. Ohar horretan diotenez, jaialdi hau “ongintza ekintza bezala” antolatu dute eta helburu nagusia Aljeriako kanpalekuetan bizi den Saharako herriari laguntzeko ahalik eta diru gehien lortzea da.

“Ez dugu ezagutzen kirol honetan nola kudeatzen diren umeen sarrerak urtean zehar egiten diren partidetan, ezta kirol edo kulturako ongintzazko beste ekintzetan ere. Baina, gure kasua aztertuta, eta frontoiak gehieneko edukiera bat duela ikusita, sarrerak doan edo merkeago ipintzeak gure helburu nagusiaren aurka joango litzatekela pentsatzen dugu”, jarraitzen du oharrak.

Horren aurrean, erabaki bat hartu du Darahlik eta da, behin jaialdia hasita dagoenean, eta harmailen egoera ikusita, hutsuneak betetzeko 14 urtetik beherakoak doan sartzen uztea.