Gorputzak gorpuzten

baleike 2017ko api. 26a, 17:55
Olatz Goiburu eta Pelex, azken honek amari eskainitako eskulturaren aurrean beste erakusketa batean.

Olatz Goiburu eta Jose Luis Elexpe ‘Pelex’-ek ostiralean zabalduko dute ‘Gorputzak’ izeneko erakusketa Oxforden. Gorputza zentzu anbiguoan hartuta, pintura eta eskultura uztartuko dituen erakusketa zabala izango da. Maiatzaren 14a arte izango da ikusgai honako ordutegian: egunero, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburu eta jaiegunetan, 12:30etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Olatz Goiburu eta Pelex aspalditik ezagutzen diren bi artista dira. Lehenengoa legazpiarra jaiotzez, egun Zumaian bizi da, eta bigarrena berriz, usurbildarra da. Hain zuzen, ‘Gorputzak’ erakusketa Zumaian primizian jartzearen arrazoia, Oxford aretoaren edertasuna eta egokitasuna izan dira. “Toki bezala asko gustatzen zait Oxford, eta Olatz Zumaian bertan bizi denez, ez genuen zalantzarik izan”, aipatu du Pelexek.

Pintura eta eskultura uztartuko dituen ikusi beharreko erakusketa zabal eta osoa dela adierazi dute. Goiburuk, dozena koadro erakutsiko ditu, eta Pelexek bere aldetik, beste horrenbeste koadro eta dozenatik gorako eskulturak ekarriko ditu. “Gorputzaren gaia, nire lanaren ikerketa lerro bat da. Aurretik gai hau asko tratatu dut, eta nahiz eta erakusketa honetarako pieza berriak sortu ditudan, lehenagotik nituenak ere gorpuzten saiatu naiz”, adierazi du usurbildarrak.

Erakusketa biak batera aurkeztu arren, bakoitzak bere ezaugarri eta estiloaren arabera osatu du bilduma. “Aitortu behar dut Olatzen lan guztia ez dudala oraindik ikusi, baina badakit bion obrak uztartzeko ez dela inongo arazorik izango. Biok aurretik landu dugun gaia da gorputzarena, elkarren lana ezagutzen dugu eta bateragarriak dira”, kontatu du.

Anbiguotasuna

Errealismo puntutik gutxi izango du erakusketa honek, izan ere, gorputzaren alde anbiguoa hartu dute ardatz. Ez dute gorputza sexuaren ikuspuntutik begiratuta kokatu. “Ez dira gizonezko gorputzak, emakumezkoenak edo umeenak agertzen. Ez behintzat ikuspuntu horretatik. Bion asmoa gorputzaren esanahia eta indarra goraipatzea izan da. Gorputza azken finean enbor bat da bere emozio, sentsazio, bibrazio eta mugimenduekin. Ziur aski jendeak esango du: koadro honek zer zerikusi dauka gorputzarekin? Niretzako badute” nabarmendu du.

Goiburuk bere aldetik, berarekin zerikusia duten hainbat koadro sortu ditu. “Aipatu didanez, koadro batzuetan gorputzak ebakiekin eta zuloekin agertzen dira. Bere buruarekin zerikusia asko dutela esan dit. Bi autoerretratu daudela ere aurreratu dezaket”, esan du.

Gorputzaren esanahia zentzu guztietatik transmititu nahi izan dute bi artistek. Bai estetika aldetik, eta baita forma eta kolore aldetik ere. Beltzarekin esaterako asko jokatu dute biek. “Kolore beltzak duen esanahi ilun edo negatiboa hori beti txarra ez izateko, alde positiboa eman nahi izan diogu. Gure aldetik, beltzak ez du zertan negatiboa izan behar eta hori erakutsi nahi izan dugu”, azpimarratu du.

Erakusketa honetan teknika nahasiak erabili dituzte. Goiburuk esaterako collage-ak. “Nik aldiz karga duten elementuak edo materialak sartzen ditut. Nire eskultore sen hori asko ikusten da nire koadroetan”, kontatu du. Izan ere, eskultorea ere bada, Pelex. Erakusketa honetan 12-15 bat eskultura ekarriko dituela baieztatu du. “Estilo guztietakoak izango dira: egurrezkoak, brontzezkoak, burnizkoak…”.

Maiatzaren 14a arte izango da zabalik erakusketa Oxforden. Ondoren Gasteizko eskola batera joango dira gorputzaren gaia umeekin lantzera.