Irunen emaitza onen bidetik

Baleike 2017ko api. 12a, 13:16

Lasterketak aurrera doaz eta Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gaztetxoak maila polita ari dira erakusten. Txirrindularitzako asteburuak izandakoaren berri eman digu Arritxu Iribarrek.

Emaitza onak egonkortzen ari dira Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gaztetxoentzat.  Irunen, joan den igandean, alebinetan, Anuk Gogenola seigarren sailkatu zen, bere erregulartasuna erakutsiz; Yuri Urbieta, bikain, 15. sailkatu zen eta Lizar Tolosa 21. Nesken artean Garazi Bergara beste behin onena izan zen, aldea ateraz, gainera, gainontzeko txirrindulariei.

Infantiletan, Aitor Agirrek zortzigarren amaitu zuen eta Kimetz Etxabe 9.a izan zen, azken lasterketetako joera berretsiz. Maddi Etxabe, berriz, nesken artean 5.a izan zen.

Aste santuko etenaren ondoren, datorren astean Usurbilen izango dute hitzordua eta 29an Astigarragan, maiatzera igaro eta Gipuzkoako txapelketei aurre egiteko. Itxaropentsu eta baikor dira gure ziklistak etorkizunari begira.

Kadete mailan Eibarren izan zuten lasterketa Mikel Manzisidorrek eta Antton Tolosak. 165 txirrindulari elkartu ziren irteeran eta 99k lortu zuten karrera bukatzea; ibilbideko 63 kilometroak oso azkar egin zituzten ziklistek, bataz besteko abiadura 39,2 km/h izan zen. Antton Tolosa 67. sailkatu zen eta Mikel Manzisidorrek ez zuen bukatzerik izan. Kkostatzen ari zaio maila berriko distantziara eta abiadurara egokitzea.  Kadeteek hilaren 23an Altsasun izango dute Gaztetxoak torneoko lasterketa hau da, Euskal Herri osoko kadete mailako txirrindularien arteko lasterketa izango da.