Lekuko batek bultzada eman dio domingueztarren haur lapurtuaren auziari

Baleike 2017ko api. 10a, 16:05

Arantzazuko Ama ospitaleko langile ohi batek deklaratu du gaur Gipuzkoako Audientzia probintzialean, Ana Carlota Dominguez zumaiarrak bere senitartekoa aurkitzeko daraman auziaren barruan. Dominguez “hunkituta” azaldu da lekukoak eman dituen hainbat argibiderekin. Lekukotza honek auziari beste bultzada bat emango diola espero du.

Duela sei urte hasi zuen borrokan beste pauso bat egin du aurrera gaur goizean Ana Carlota Dominguezek. Juana eta Jose gurasoen lehen haurra jaio zenean, 1963ko martxoaren 20an, Aranzazuko Ama ospitalean lan egiten zuen langile batek bere lekukotza epailearen aurrean ematea lortu du. “Lekukoari buruz ezin dugu datu askorik eman, baina ziurta dezakegu ez zela langile soil bat. Oso ondo ezagutzen zituen ospitaleko gorabeherak”, azaldu dio Baleikeri, epaitegitik atera berri.

Epailearen eta Dominguezen abokatuaren galderak erantzun ditu lekukoak, eta 2012an eman zituen azalpen guztiak berretsi ditu. “Izan ere, 2012an ere hartu zioten deklarazioa, baina orduan ez zioten kasurik egin”. Oraingoz auziak zabalik jarraituko du, ikerketa fasean baitago. “Gaurko azalpenak grabatu egin dituzte eta idatzizko txostena jasotzen duenean hartuko ditu epaileak hartu beharreko erabakiak. Dena den, ikerketak aurrera jarraituko du, oraindik informazioa falta baita. Esate baterako, ospitaleko hainbat txosten eskatu ditugu, eta haiek noiz iritsi zain gaude”.

Lekukoak emandako azalpenen detailerik ezin du eman oraingoz, baina gaurko saioan garbi gelditu omen da Ana Carlota Dominguezen senidea ezin dela hiltzat eman. “Agiri bakar bat ere ez dago hori ziurtatzen duena, agirietan ez du izenik jartzen; epaileak galdetu dionean akats bat izan ote daitekeen, lekukoak erantzun du akatsa balitz baldarkeria hutsa litzatekeela, iraingarria”.