Garapen jasangarriaren inguruko tailerrak egin dituzte Maria eta Jose ikastetxean

Baleike 2017ko api. 10a, 09:47
Maria eta Joseko ikasleak Amaiako plazako azokan

Maria eta Jose ikastetxeko ikasleek Garapen Jasangarriari buruzko tailer batzuetan parte hartzeko aukera izan zuten pasa den astean. Ekimen hau UNESCO Etxearekin elkarlanean gauzatu zen.

Garapen Iraunkorrari buruzko 2015eko Mundu Gailurrean, Nazio Bauetako Estatu Kideek Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda onartu zuten, pobrezia desagerrarazteko, planeta babesteko eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzeko xedez. Agenda honek 17 helburu eta 169 xede ditu, baita aitorpen politiko bat ere. (Honen inguruko informazio zabala hemen aurki dezakezue)

Pasa den ostegunean egin ziren Garapen Jasangarriaren inguruko tailerrak Maria eta Jose ikastetxean. Hauen helburua, “ikasleak, herritar kritiko eta aktiboak bezala hartuta, 2030rako Agenda ezagutzea eta honetan parte hartzea era aktiboa eta eraldatzaile batean izan da”, adierazi du Aitana Uriak, UNESCO Etxeko ingurumen teknikariak. Hiru saiotan bananduta, ikasleek 2030 Agenda eta GIHak zer diren ikasi dute. Horrez gain, kaleko ekintzak prestatu zituzten Zumaian, “helburuak aditzera emateko eta garapen jasangarria bultzatzeko. Haiek zer egin erabaki dute eta ekintzak diseinatu dituzte, Gobernuz kanpoko erakunde balira bezala”.

Talde batek bizikleta martxa bat egin zuen, dortsalak eta kartelak eramanez. Bidean aurkitu zituzten herritarrei galdera batzuk egin zieten, Agendan jasotzen diren 17 helburuetatik zeinek kezkatzen dieten gehiago jakiteko. Justu egun horretan osteguneroko azoka zegoen Amaiako plazan eta bertan Agenda honen inguruko informazioa banatu zieten bertaratutakoei. Egindako galderen arabera, zumaiarrei gehien axola zaien gaiak pobrezia, gosea eta bakea dira.  

Beste talde bat, 14. helburua eskutan hartuta, uretako bizitza zaintzea, hain zuzen ere, Itzurunera joan zen hondartza garbitzera. Horrez gain, bertan aurkitu zuten jendeari informazioa luzatu zieten. 14. helburu horri jarraituz, hamar zabor poltsa jaso zituzten.