M7 ONTZIRATU

Alex Oliden: "Gure arazoak konpontzeko modurik aproposena iruditzen zait burujabetzaren bidea"

Baleike 2017ko api. 9a, 10:00

Alex Oliden.

EHBilduren udal taldeko kidea da Alex Oliden. Eskubide nazionalekin batera, eskubide sozialak aldarrikatzen ditu:"Ez dago eskubide nazionalik eskubide sozialik gabe, eta ez dago eskubide sozialik eskubide nazionalik gabe". Hauek dira maiatzaren 7aren herri galdeketaren gainean egindako galderen erantzunak.

Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela uste al duzu?

Galdera erretorikoa iruditzen zait. Euskal Herriak historikoki bere burua herritzat eta subjektu politikotzat duen jendartea da, nazioa da, eskubide nazionalak dagozkio eta horien artean etorkizunari buruz erabakiak hartzeko eskubidea, noski.

Zer iritzi daukazu maiatzaren 7an Zumaian egingo den herri galdeketaren inguruan?

Herritarrek iritzia ematea, gaia edozein izanda, positiboa da. Beste gai askotara zabaldu beharko litzatekeen ariketa iruditzen zait. Baina ez da iritzia ematea bakarrik; baita ere, elkarrekin egotea, elkar ezagutzea, bestea errekonozitzea, besteen iritziak kontuan hartu eta besteen lekuan jartzea... Galdeketak hori dena dakar. Gizakion izaera sozialean sakontzea dela iruditzen zait, eta hori oso positiboa da. Bestetik, eskubide formalen eta errealen artean distantzia handiegia dago, eta horrelako ariketek balio dute distantziak murrizteko eta demokrazian sakontzeko.

Parte hartuko al duzu? Zergatik?

Parte hartuko dut, noski, eta, gainera, baietzarekin. Gure arazoak konpontzeko eta gure interesak defenditzeko modurik aproposena iruditzen zait burujabetzaren bidea. Munduak dauzkan arazoei begira ere bai. Uste dut arazoei irtenbidea aurkitzeko biderik egokiena dela jendeari galdetzea, jendeak hausnartzea arazoen inguruan, eta erantzuna denon artean erabakitzea.

Onurarik ekarriko al du herri galdeketak?

Onurak dagoeneko ikusten ari gara. Jendea elkartzen ari da, adin eta pentsaera ezberdinekoak. Elkar ezagutzen ari gara, eztabaidatzen burujabetzaren inguruan, eta ekimen bateratuak hartzen. Bidea egitea da garrantzitsua, onura handiak ekartzen dizkio gizarteari.

Herritarrek nahikoa erabakitze ahalmen al dute?

Munduan eta historian badaude adibideak estatua lortu eta, hala ere, erabakitzeko ahalmenik ez izatea. Burujabetza soilak ez du bermatzen herriaren interesak defenditzea. Nik hor eskubide sozialak sartzen ditut. Ez dago eskubide nazionalik eskubide sozialik gabe, eta ez dago eskubide sozialik eskubide nazionalik gabe. Mundua dagoen bidegurutzean, jendeak erabakietan parte hartzeko guneak zabaltzen baditugu, hortik etorriko dira irtenbide eraginkorrenak. Kolektiboki hausnartu, kolektiboki erabaki.