Sukalde kontuak apirileko Baleike aldizkarian

Baleike 2017ko api. 6a, 09:40

Kalean da dagoeneko apirileko Baleike aldizkaria. Oraingo honetan sukalde kontuei eman diogu azala. Maria Amundarain zumaiarra Basque Culinary Centerren, sukaldaritzako unibertsitatean, ari da ikasten eta arratsalde batean bertara hurreratu ginen berekin hitz egitera.

Maiatzaren 7ko herri galdeketa gero eta hurbilago dago eta oraingo honetan galdeketa horretan parte hartzeko zenbait instrukzio emango ditugu. Horrez gain, bi inkesta ere jasotzen dira: bat ordezkari politikoekin eta beste bat hiru herritarrekin.

Iñigo Garcia arkitektoa da, baina baita zinegilea ere. Bi txirula izeneko film luzea amaitzear du eta pelikula honen inguruan hizketan izan gara.

Beste bi zumaiarrek, Ainhoa Urteagak eta Maria Martinezek, halako sona lortu dute Youtubera beraien abestiak igota. Etorkizuneko talentuak al dira? Beraiekin egon gara dituzten asmoen inguruan hizketan.

Hauez gain, San Telmo jaietako egitaraua ere aurkituko duzue aldizkari honetan.

Bazkide zaretenok laster jasoko duzue aldizkaria zuen etxeotan; besteok ohiko saltokietan aurkituko duzue euro baten truke.