“Asilo politikoaren bataila ez da bakarrik nirea izan, pertsona askorena baizik”

baleike 2017ko mar. 27a, 14:11

Pasa den ostiralean ‘Ni ere errefuxiatua naiz’ hitzaldia eman zuen Hassana Aalia ekintzaile sahararrak Darahli elkartearen 10. urteurreneko egitarauaren baitan. Errefuxiatuak jasaten ari diren sufrimenduaz eta Europar Batasunak honen inguruan hartu duen politikaz hitz egin zuen Aaliak. Pasa den urrian, bost urteko borrokaren ostean, asilo politikoa lortu du.

Urrian lortu zenuen errefuxiatu politiko izaera. Nolakoa izan da bidea?

Egia esan bost urte iraun duen bide oso luzea izan da. Asilo politikoaren eskaera 2012ko urtarrilean aurkeztu nuen, eta hiru urte beranduago Espainiako Barne Ministeritzatik nire eskaeraren ukapena jaso nuen. Honekin batera, 15 egunetan, herrialdetik irteteko obligazioa nuela esan zidaten. Errekurtsoa eskatu nuen Audientzia Nazionalaren aurrean eta aurrerago arrazoia eman didate. Nire kasua oso argia izan da, eta ez dut nik bakarrik esaten. Amnistia Internacional eta bestelako erakundeek ere informeak aurkeztu zituzten nire alde. Esan dudan bezala, bide luzea eta gogorra izan da baina era berean polita. Pertsona solidario asko aurkitu dut bidean, eta hauez gain, erakundeek, udaletxeek, Gobernuz Kanpoko Erakundeek ere lagundu didate.

Sententzia hau definitiboa da?

Bai. Erabakia jaso ondoren, hilabete baten barruan, Espainiak helegitea aurkezteko denbora izan zuen baina ez zuen ezer ere egin, beraz, sententzia irmoa da. Asilo politikoaren eskubidea erabaki politikoa da beti. Espainiak interes asko ditu Marokorekin, eta dirudienez,  hau garrantzitsuagoa da pertsona baten eskubideak baino.

Orain paperak lortzeko tramitetan nabil. Hau ere prozesu luzea eta nekagarria da, baina beno, pasa den asteazkenean pasaportea jasotzeko zortea izan nuen.

Nolako pasaportea da?

Errefuxiatuen pasaportea da, ez da ohiko hiritarrena bezalakoa, eta horregatik, ni bezalakoek errefuxiatu politikoentzako pasaporte moduko agiri bat izaten dugu. Pasaporte honi esker mundu guztitik bidaiatzeko aukera dugu.

Lehen ezin zenuen penintsulatik atera ere egin, ezta?

Ez, ez. Asilo politikoaren eskaera tramitean dagoen bitartean, ezin dira mugak pasa. Beraz, hona etorri nintzenetik, ez naiz inoiz irten. Gogoratzen naiz asiloaren ukapena jaso nuenenean Kanariar eta Balear uharteetatik hitzaldiak emateko deia jaso nuela. Hegazkinik ezin nuenez hartu, joan gabe gelditu nintzen. Orain, Espainiar estatutik hegazkinez bidaiatzeko aukera dut, eta pasa den asteazkenetik edonora.

Saharara ere bai?

Asilo politikoak mundu guztitik bidaiatzen uzten dizu, zure herrialdeak gatazka duen herrialde horretara izan ezik. Nire kasuan, Marokora. Ni, Marokorengatik okupatuta dagoen lurraldekoa naiz. Marokoren  menpe bizi dira han, orduan ezin naiz bertara joan. Baina bai aldiz, errefuxiatuen kanpamenduetara adibidez. Hemendik hilabete gutxira joango naizela pentsatzen dut.

Zure familia han aurkitzen da?

Nire familia Aaiun-en bizi da, mendebaldeko Saharako hiriburua da. Han jaio nintzen eta han jarraitzen du nire familiak. Okupatutako lurraldea da. Hara ezin naiz joan, baina saiatuko gara elkar ikusten lekuren batean, beste herrialderen batean.

Noiztik ez dituzu ikusi?

2011ko urriaren 1etik. Arratsaldeko 17:30ean atera nintzen etxetik eta orduz geroztik ez ditut berriro ikusi. Ikusteko gogo asko ditut, eta topaketa laster izatea espero dut. Gainera urte guzti hauetan nire amona galdu dut, osaba bat, eta baita beste familiarteko batzuk ere. Horretaz gain, bi iloben osaba izan naiz eta ez ditut ezagutzen.

Asiloa lortzeak zure bataila propioa irabaztea ekarri du. Baina zein da zure borroka orain?

Egia esan, asilo politikoaren bataila ez da bakarrik nire bataila izan. Bataila kolektiboa izan da, Espainiar estatuko Sahararen aldeko mugimendu solidario guztiarena izan da. Eta borroka honekin kartzelan dauden nire lagun guztien eskubideen alde lan egin nahi izan dut. Kondena oso gogorrak betetzen ari dira. Orduan, asilo politiko honek ez du bakarrik aitortzen nire eskubidea errefuxiatu politikoa bezala.

Zer gehiago?

Asilo politikoak aitortzen du okupatuta dagoen lurraldean giza eskubideen urraketak ematen direla, pertsonak kartzelaratuak direla eta baita torturatuak eta erahilak direla ere. Beraz, nire lorpen hau, beraien aldeko zerbait ere izan da.

Hori dela eta, hemendik aurrera ere, nire borroka bide honetan joango da. Mendebaldeko Sahara okupatuta jarraitzen duen bitartean, nik borrokatzen jarraituko dut. Eta orain, bidaiatzeko aukera dudanez, leku askotara joango  naiz, eta erakundeetan herri bezala jasaten ari garen giza eskubideen urraketa bortitza salatzeko aukera izango dut.

2010ean Gdeim Izik-eko kanpamendu baketsuan parte hartu zenuen eta horregatik izan zinen epaitua. Zein da zure lagunen egoera?

Marokoko justiziaren aurrean errekurtso bat aurkeztu dute baina Rabateko apelazio auzitegiak ezeztatu egin ditu sententzia guztiak. Egun, epaiketetan daude berriro, eta gutxienez, auzitegi zibil batek epaitzen ditu, eta ez militar batek. Orain bi aste hasi ziren epaiketetan, baina atzeratu egin dute pare bat aldiz. Horixe da beraien estrategia edo politika, nekaraztea. Epaiketak behin eta berriz atzeratuta hara joaten diren ikuskatzaile internazionalak nekatu egiten dira, eta hauek berriro ez joatea da nahia.

Epaiketa honetan tratu txarrak izan direla aipatu duzu.

Bai, hala da. Epaiketaren saio hauetan presoen familiak tratu txarrak jasan dituzte, eta baita animoak eta laguntza ematera joan diren pertsonak ere.

Zein esperantza duzue?

Kondenak egongo dira ziur aski. Baina pentsatzen dut hasierako auzitegi militarrak jarri zituenak baino laburragoak izango direla. Nire kasuan ez dakit prozesu honetan egongo naizen, zer beraientzat ihes egoeran nago. Zer esanahi du honek? Ezin dudala errekurtsorik eskatu. Orduan nire defentsak aipatu dit bere garaian auzitegi militarrak jarri zidan epaiak bere horretan jarraituko duela.

Nola ikusten duzu gizartea errefuxiatuen egoeraren aurrean?

Sentsibilizazioa dagoela ikusten dut. Duela urte batzuetatik hona, errefuxiatuen krisia hasi zenetik, eta zoritxarrez hildako jendearen argazkiak agertzen hasi zirenetik, jendea sentsibilizatu egin da. Era berean tristea da horrelako irudiak ikusi arte, eta horrelako sufrimendua pasa gabe, ez dela jendea sentsibilizatzen. Familia askok beraien etxeak ireki dituzte errefuxiatuak hartzeko baina arazoa da errefuxiatuak ez direla etortzen Europar Batasunak aurrera eramaten duen politikarengatik. Pertsona hauek libre eta duintasunez bizi nahi dute, eta horren alde borrokatzen jarraituko dut.

Zure kasua mediatikoa izan da. Honek lagundu du gizartearen sentsibilizazioan?

Nire kasua mediatikoa izan da bai, baina Mediterraneoan hiltzen ikusi diren pertsonen irudiak are eta gehiago izan dira. Tristea da haurrak hiltzen ikustea gizartea eta erakundeak gai honetaz arduratzeko. Krisi baten aurrean lagundu egin behar dugu arazo horri irtenbidea lortzen. Ez da zain egon behar hildako gehiago egon arte.

Nola gogoratzen zara zure bizitza han?

1988an jaio nintzen, Aaiun-en. Okupatuta dagoen tokian hazi den edozein ume bezala, urteekin, okupatuta bizitzeak  suposatzen duena jakiten hasten zara pixkanaka. Galdera asko egiten hasten zara. Zergatik dago nire aitona eta familia erdia errefuxiatuen kanpamenduan? Zergatik ezin ditugu ikusi? Zergatik dago Saharako herria erdibitzen duen horma? Zergatik irakasle marokoarrek tratu txarrak ematen dizkigute? Galdera hauek egiten hazi nintzen. Nire bizitza 2005ean borroka pazifikoa hasi zenean aldatu zen. Aktibista gisa hasi nintzen eta tratu txarrak, torturak... jasan nituen. Kartzelan egonaldiak ere igaro nituen hona etorri nintzen arte.

Nola etorri zinen hona?

Bilboko erakunde batek zuen proiektu baten bitartez etorri nintzen. Proiektu honen helburua lurralde okupatutako aktibista gazteak hizkuntzetan, informatikan eta batez ere giza eskubidetan formatzea zen.

Erlazionatuak