Viveros San Anton asko ikusi zen Zarauzko alebin eta infantil mailako lasterketan

Baleike 2017ko mar. 24a, 13:14
Garazi Bergara, Zarauzko lasterketan.

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklistek lasterketak izan zituzten pasa den asteburuan: alebin eta infantilek Zarautzen eta kadeteek Azpeitian. Arritxu Iribarrek egin du bi karrera hauen kronika.

Zarautzen ere neskak podiumean izan ziren eta mutilek hura zapaltzeko moduko lasterketa egin zuten, nahiz eta emaitza ez izan nahi bezalakoa.

Alebin mailan, aurrekoetan bezala, Anuk Gogenola atzetik aurrera joan zen eta bikain amaitu zuen gogorra egiten den lasterketa. Izan ere bi zuzengune oso luze daude eta hor indarrak kudeatzea asko kostatzen zaie kirol honetan hasiberriei. Anukek oso ondo bukatu zuen, baita Garazi Bergarak ere: beste behin nesken artean aurrena izan zen, lasterketa guztian, gainera, buruan ibilita. Yuri Urbietak 20. bukatu zuen eta Lizar Tolosa 25.a izan zen.

Infantil mailan Kimetz Etxabe, Roman Zabaleta eta Aitor Agirrek txalotzeko lasterketa egin zuten. Itzuli askotan hirurak izan ziren lasterketa gidatzen, erritmoa jarriz eta pelotoia hautsi nahian. Hirurek aurpegia eman zuten eta gero Kimetz 11.a izan zen, Roman 12. eta Aitor 15. Heiko Mateos, Ariz Eizagirrek eta Maddi Etxabek lan gehiago izan zuten zirkuitoari neurria hartzen, lasterketako erritmoa bizia izan baitzen. Maddi Etxabe,  Hernaniko Nahia Mangasekin batera helmugaratu zen, bigarren izan zen baina lehena izan bazen bezala. Oso lasterketa polita egin zuten infantilek.

Bihar, larunbata, Aizarnazabalen jokatuko da karrera; zirkuito zaila da, laburra izateaz gain teknikoa, bihurgune zail eta maldatxoa baititu.

Azpeitian izan zuten lasterketa kadeteek eta bertan Mikel Manzisidor eta Antton Tolosa izan ziren. Gogotsu ekin zioten lasterketari, irteeran ziren 109 txirrindularien artean kokatu nahian. Pelotoiak 54 kmko ibilbideari egin zuen eta Urrestillako bira bizi bizi egin ondoren, Miekel Manzisidorrek lasterketa utzi egin zuen. Iraetatik bi itzuli gelditzen ziren eta lauko ihesaldia osatu zen. Saiatu zen Antton Tolosa baina azkenean pelotoiaren babesesan helmugaratu zen 43. postuan. Karrera ona egin zuen Tolosak: irteeran izandako 109 txirrindularietatik 70 heldu ziren helmugara eta Tolosa lehen multzoan ailegatu zen. Aste honetan ez dute lehiaketarik izango; datorren astean etxetik gertu Zestoan izango dute kadeteek karrera.