Herritar ugarik eman du BMko supermerkatuan lan egiteko kurrikuluma

Baleike 2017ko mar. 16a, 22:27

Jakina da BM katea supermerkatu bat zabalduko duela Ardantzabiden. Zumaiako Udalak baliabideak eman dizkio herritarrek sortuko diren lanpostuetarako beraien hautagaitzak emateko. Gaur goizean aurkeztu ahal izan dira kurrikulumak eta jendetza batek hartu du parte bertan.

Deialdia 9:00etatik 13:00etara jarrita zegoen eta goizeko 8:30erako dagoeneko hautagaiek ilara sortu dute. Hamar lanpostu bete behar ziren, baina hurreratu diren pertsonen kopurua kalkulaezina da. Goiz osoan zehar hurreratu dira herritarrak beraien dokumentuak aurkeztera eta izan dira momentuak Enplegu Zentrora eramaten dituzten eskailetaraino heltzen zirela. Gazte eta heldu, emakumezko eta gizonezko. Denak supermerkatu horretan lan egiteko ametsa ez, baina bai esperantzarekin.

Baina, askok ez zekitena zen egunean bertan egingo zirela elkarrizketak. “Bide erdian nagoela jakin dut elkarrizketak egiten ari zirela”, adierazi du herritar batek. Kurrikuluma utzi eta joan egin da ikusita zenbat jende zegoen zain. Batzuk haserre atera dira: “Bi ordu eta erdi egon naiz zain eta honetarako”, zioen batek. Txakurra zain izan du denbora honetan Zaharretxeko kanpoaldean.

“Denei ari zaizkie elkarrizketak egiten”, kexu zen beste bat. “Zenbait ezaugarri eskatzen zituzten, horien artean, euskara jakitea, baina hemen euskara ez dakitenak ere elkarrizketatzen ari dira”, damu zen beste emakume bat. “Ez badituzte hori bezalako eskakizunak betetzen, zergatik elkarrizketatzen dituzte?”, galdetzen zuen.

Hiru mahaitatik pasa dira lanpostuetarako hautagaiak. “Lehenbizi kurrikuluma azaletik irakurtzen zuen bat zegoen. Gero, Mankomunitateko teknikari batzuk zeuden eta, amaitzeko, BMrako lan egiten zuen beste bat. Hiru iragazki horiek pasa ditugu”, adierazi digu elkarrizketa pasa duen herritar batek. Egin dizkieten galderen artean jendaurrean lan egiteko esperientziarik bazuten izan da bat.

“Esan digute eguerdiko ordu batak arte egongo direla eta horren ondoren zain dagoen jendeak kurrikulumak utzi eta ez zaizkiela elkarrizketarik egingo”, zioen batek. “Ba hor dagoen jendearekin ordu biak arteko egotea dute, behintzat”, amaitu du beste batek.