Feminismotik eraikitzen jarraituko dugu berdintasuna

Zumaiako Berdintasun Foroa 2017ko mar. 8a, 09:56

Gaur Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Zumaiako Berdintasun Foroak bat egin du egunarekin eta honako idatzia bidali digu. Bide batez, gogoratzen du kontzentrazioa egingo dela gaur, arratsaldeko 8tan, Saregileen plazan (Alondegia aurrean).

Martxoaren 8 honetan, beste behin Euskal Herriko eta munduko kaleak hartu ditugu, ozen esateko, jendarte hau patriarkala dela, eta emakumeon explotazioaren bizkar funtzionatzen duela. 

Gaurkoan, Mundu mailako PLANTOA egiten ari dira miloika feminista, eta lehenengo aldarria argia da: STOP FEMINIZIDIOAK, erailketa bat bera gehiago ere ez! Egunero egunero erailtzen dituzte emakumeak, edota haurtxoei labankadak ematen dizkiete, euren amei min emateko. 2017 honetan, 20 emakume erailiak izan dira Estatu Espainiarrean, milaka emakume eraili urtero-urtero mundu mailan.

Erailketak, zalantzarik gabe, sistema patriarkal honen aurpegirik bortitzena dira. Baina, injustiziak, erasoak, egunero ematen dira mila motatan, eta bai, gugandik oso gertu gertatzen dira. Horren adibide da, atzo bertan Zumaian gertatutako erasoa, edota duela hilabete batzuk zumaiar bat bere bikotekidearen alabaz abusatzeagatik atxilotua izatea Orion. Ez dira urruneko kontuak, eta denon inplikazioa behar dugu horiekin bukatzeko. Nazkatuta gaude, baina egunero ozen esaten jarraituko dugu: eraso sexistarik ez!

Krisi-ekonomikoaren alderik bortitzena emakumeek jasaten dugu, krisiaren aitzakiapean lanpostuak suntsitu dira edota batik batik emakumeek egiten dituzten lanak izan dira sektorerik prekarizatuenak: nagusien zainketa, garbiketa-lanak... Bai, halaxe diote inkestek, emakumezkoen soldatak gizonezkoenak baino %36 baxuago izaten jarraitzen dute, 2017. urte honetan. Halere, diskriminazioa ez dugu soilik lan-mundua jasaten, emakumeok etxera iristean bigarren jornada baitugu zain. Oraindik ere, “inposaketa sozial eta kulturalagatik” zaintza-lanak gehien bat emakumeen bizkar erortzen dira, edota beste askotan, soldatapeko norbait kontratatu izanagatik, gehienetan emakumea izan ohi da, lan-baldintza miserableetan sarri.

Latza dugu egoera, baina alaitasunez, emakumeon bizi-baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko dugu. Asko dugulako irabazteko, eta elkarrekin bide hau egitea zoragarria delako! Guk ez dugu ahazten zergatik ospatzen dugun Martxoaren 8a. Hain zuzen ere, Estatu Batuetako textilaren fabriketan lana egiten zuten milaka emakumek ekindago grebaren omenez gorde dugu eguna. Historian zehar, milaka emakume borrokalarik erakutsi digute, gure eskubideak erre ke erre lan eginda lortzen direla, eta halaxe jarraituko dugu!

Feminismotik eraikitzen jarraituko dugu berdintasuna. Feminismoa, itxaropen iturria delako, eta milaka eta milaka emakume garelako gaur munduan ukabilak estututa dantzan ari garenak. Gora bizitza duinak, eta gora borroka feminista! 

Erlazionatuak

Hilabete morea: egitaraua

Baleike 2017 mar 06 Zumaia