Herriko tabernetan kontzertu txikiak emateko laguntzak emango ditu Udalak

Baleike 2017ko mar. 1a, 16:55

Udala sei urte daramatza Zumaiako tabernetan formatu txikiko kontzertu eta ikuskizunak egiteko diru-laguntzak ematen eta aurten ere ekitaldiren bat antolatzera animatzen diren tabernak diruz lagunduko ditu. 

Udaletxeak kontzertuaren % 50 estaltzen ditu (taldearen gastua hartzen da beti kontuan, behar bezala zurituta). Ahal den guztietan programatzean herriko musika taldeak ere kontutan hartzea eskatzen da.

Diru laguntzak jasotzeko bete beharrak:

  1. -Laguntza hau jaso ahal izateko tabernariek Udalarekin nahiz bestelako administrazioekin zorrik edo bestelako konturik ez dutela ziurtatu beharko dute.
  2. -Ekitaldia tabernaren barruan egingo da, edo kanpoan bada tabernaren erabilpen eremuan. Bereziki zainduko dira ordutegiak eta bolumena.
  3. -Kontzertuko soinuak tabernak duen zarata mugatzailetik pasa beharko du.
  4. -Ekitaldien berri kontzertu eguna baino, gutxienez, hiru aste lehenago jakinaraziko zaio kultur sailari. Taberna bakoitzari hilabete bakoitzean gehienez ekitaldi bat babestuko zaio.
  5. -Erabiltzen diren karteletan Udalaren laguntza adierazi beharko da.
  6. -Egun berean eta tankerako ordutegian herriko aretoetan edo beste taberna batean beste eskaintza bat egon ezkero, laguntza ez da emango. 

Egoera ekonomikoak mugatzen dituela kontutan hartuta, ahal den neurrian aurreikuspen bat egitea eskatzen da: zein taberna edo jatetxek hartuko duten parte diru-laguntza hauetan, urtean zenbat emanaldi eskaintzeko asmoa izango den, etab.