GUTUNA: Zumaiako Magaluf

Estitxu Osa 2017ko mar. 1a, 16:04

Pasa berri diren Inauterietako festetan, beste behin ere, Egurkora izan den peregrinazioa ikaragarria izan da.

Herrian festa giroa izan da nagusi, Egurkon halaber, desmadre beldurgarria.

Zer egin behar dugu egoera honen aurrean?

Gurasoak, udaltzainak, herri agintariak… denok gara arazo honen ikusle eta partaide, baina inork ez dugu ausardiarik honen aurrean zer egin erabakitzeko.

Datozen santelmoetan Egurkon gertatzen dena ikustera gonbidatzen zaituztet. 12 urteko neska-mutiletatik hasita, honako egoerak ikusgai izango dituzue: likore litronak neurri  gabe edaten, botakak nonahi, bertako bizilagunen leiho aurrean maskuria hustutzen, sexu praktika anitzak ziurrenik gaztetxoegiak direnen artean.

Hori gutxi balitz, auzoa botilaz eta edalontziz josita uzten dute eta  zarata eta iskanbila neurrigabea da uneoro.

Deskripzioaren ondoren, hausnarketa bat luzatzen dizuet denoi:

Ez ikusiarena egitea al da bidea?

Gaztetxo hauek ez al dira ba gure etorkizuna?

Gaztetxoek beraien buruaren auto-kontrola izatea helburu izanik, bide horretan helduok eta herriko agintariek ez al dizkiegu arautu behar zenbait praktika?

Ea behingoagaitik, garrantzia duten egoerak aztertzen eta irtenbideak bilatzen hasten garen denon artean eta ez gaitezen paretera begira gelditzen.