Julen Amarikak irabazi du Zumaia Saria, iazko garaipena berretsiz

Baleike 2017ko ots. 25a, 13:57

Bederatzigarren Zumaia Saria, aurreko asko bezala, esprintean erabaki da eta irabazlea iazko bera izan da: Aldro taldeko Julen Amarika. Taldeka ere iazko berak irabazi du: Lizartek.

Elite eta 23 urtez azpiko 184 txirrindulari bildu dira gaur IX. Zumaia txirrindularitza sarian. Karrera honekin eman zaio hasiera Hego Euskal Herriko txirrindularitza denboraldiari. 

Lasterketaren aurretik Arritxu Iribar kazetariak azaltzen zuen bezala, lasterketa hau esprintean bukatzeko egokia da eta gaur ere hala geratu da agerian. 112,5 kilometroko karrera honetan, azken itzulian, laukote bat joan da aurretik, baina pelotoi handia hurbil zuen. Ez zegoen zalantzarik aurtengo Saria ere esprintean amaitu zela. Helmugarako bidean, Axular ibiltokian, pelotoia zabal zabalik heldu da. Azkarrenak eta hobekien kokatuta zegoenak izango zituen irabazteko aukera gehienak eta hori Julen Amarika izan da. Iaz ere Aldro taldeko txirrindularia izan zen azkarrena. Garbi dago primeran ezagutzen duela Amarikak Zumaiako karrerako zirkuitua edo, behintzat, primeran egokitzen dela bere ezaugarrietara.

Bigarren postuan Lizarte taldeko Dimitri Zhionov bieloerrusiarra salikatu da eta hirugarren Fundación taldeko Mikel Alonso. Taldeka, Lizartek berretsi du iazko garaipena.