Maialen Lujanbio izango da bihar hizlaria ‘Euskara, bestela ez gara’ hitzaldi zikloaren baitan

Baleike 2017ko ots. 21a, 12:24
Argazkia: Dani Blanco

Udaleko Euskara Sailak antolatzen duen ‘Euskara, bestela ez gara’ hitzaldi zikloaren bigarren jardunaldia izango da bihar Alondegian, 18:30ean. Biharko hizlaria Maialen Lujanbio bertsolaria, idazlea eta sortzailea izango da, eta kultura euskaraz sortzeak duen garrantziaz mintzatuko da.

Konpasaren orratza euskaratik zirkuluak marrazteko izenburua duen hitzaldia emango du Maialen Lujanbiok bihar Alondegian, 18:30etatik aurrera. Gizarte eta aro eleaniztun honetan, zail egiten zaigu askotan euskararen balioa eta funtzioa azaltzea, baita jokamoldea antolatzea ere. Bertsolaritzak balio ote dezake bestelako jardunentzat, gizartearentzat, hizkuntzaren gaineko politikentzat, adibide moduan?  Horrelako hainbat galdera erantzungo ditu Lujanbiok bere solasaldian.

«Kultura euskaraz sortzeak duen garrantziaz hitz egingo du, batez ere. Maialen, bere lanbideagatik, Euskal Herri osoan zehar ibiltzen da, eta beste ikuspegi bat, beste pertzepzio bat du euskararekiko» adierazi du Josune Herrarte euskara teknikariak.