Errefuxiatuen testigantzak otsaileko Baleike aldizkarian

Baleike 2017ko ots. 9a, 09:26

Europara bizitza hobe baten bila datozen errefuxiatuen tragediak ez du etenik. Iazko ekaineko Baleiken Greziako Chios uhartera joan ziren Libe Aizpuru eta Nerea Eizagirre boluntarioek errefuxiatuen kanpalekuetan aurkitutako errealitatea jaso genuen. Turkiako kostaldetik gertu dagoen uharte hartan ezagutu zituzten bi errefuxiaturen testigantzak bildu ditugu.

Mhmood eta Abdullah Alkeemek anai siriarrak gerratik ihesi heldu ziren Chiosek. Lehena saiatu da Grezia atzean utzi eta Europako beste herrialde batera heltzen; bigarrenak uhartean jarraitzen du. Bakoitzaren gutun bana argitaratu dugu aldizkarian. 

Jon Txonpe zumaiarra Dignity I atoiontzian aritu da Libiako kostaldetik ateratzen ziren errefuxiatuak itsasotik ateratzen. Haren testigantza ere jaso dugu.

Maiatzaren 7an egingo da herri galdeketa Zumaian eta eskualdeko beste herrietan. Hitzordu horren inguruko artikulu sorta bat argitaratuko da. Zarauzko ekitaldian sinatzaileak izan ziren bost pertsonak elkarrizketatu ditugu lehen honetan.

Argindarraren prezio igoera da azken asteotako gai garrantzitsuenetakoa. Horren harira, Goiener kooperatibako gerentea eta Zumaian dituen bezero batzuk elkarrizketatu ditugu.

Kirolen atalean, Munduko eskalada txapelketan izan zen Eneko Carretero gaztearen inguruko artikulua ere aurkituko duzue otsaileko aldizkarian.

Baleikeren bazkideok egun hauetan jasoko duzue aldizkaria postontzietan. Besteok ohiko saltokietan aurkituko duzue euro bateko prezioan.