Atzoko historia gaurkoa ere badelako

Baleike 2017ko ots. 8a, 15:43
Herriko emakume eta haur kanporatuak 1937an. Argazkia: Erkibe eta Errefuxiatuen Harrera taldeak utzitakoa.

Zumaiako Errefuxiatuen Harrera taldeak, Erkibe Kultur elkarteak eta Udalak elkarlanean, Oraindik da atzo ekimena antolatu dute astebururako. Duela 80 urte Zumaiatik kanporatuak izan zirenak eta egungo errefuxiatuak hartuko dituzte gogoan.

Oraindik da atzo: Atzo gu, zumaiarrok. Gaur, siriarrak. Bihar? lelopean atzoko historia eta egungoa lotu nahi du Errefuxiatuen Harrera taldeak, Erkibe Kultur elkarteak eta Udalak elkarlanean antolatutako egitasmo honek.

Ostiralean hasita eta igande eguerdi arte hainbat ekimen antolatu dituzte. Hala, ostiralean, Esti Curiel aktoresak antzeztuta antzerkia egongo da Aita Marin 19:30ean. Igandean berriz, bi ekintza izango dira. Alde batetik, 12:00etan Zumaiako kanporatuei Udalaren omenaldia egingo da, eta ondoren, 13:00etan kale-antzerkia izango da errefuxiatuak omenduz. Honekin batera,  ostiraletik igande arte, argazki erakusketa egongo da Beheko Plaza tabernan.

“Hainbat zumaiar, batez ere emakumeak eta haurrak, kanporatuak izan ziren duela 80 urte eta hori nolabait gaur egunera ekarri nahi genuen. Erkibekoekin hitz egiten hasi ginen, eta beraiek ere urteurren honetan zerbait egiteko nahia azaldu zuten. Horrela, eta Udalaren ekarpenarekin, egitasmo hau sortu dugu” azaldu dute Harrera taldeko partaideek.

Historia ardatz

1937ko otsailaren 13an Zumaiatik 252 pertsona izan ziren kanporatuak, emakumeak eta haurrak gehienak. “Ez da oso urruneko kontua, orain 80 urte gertatutako zerbait da. Iragan hurbila da eta bertan, etxean, gertatutakoa” kontatu dute.

Egun beste hainbat herrialdeetan gertatzen ari denarekin lotzea da harrera taldearen helburua. “Herrian batasuna sortu nahi dugu. Lehen errefuxiatuak izan zirenak gogoratu, eta orain direnekin elkartasuna adierazi. Eta hori guztia egingo den kale-antzerkian irudikatzea da gure asmoa” esan dute. Egitasmoaren izenburua ere hortik dator, hain zuzen. “Lehen gertatu zena orain ere gertatzen ari da” aipatu dute.

Beharrezkoa

Memoria historikoa plazaratzeko helburuarekin daude elkarlanean herriko eragile hauek, eta herritarren parte hartzea, sentsibilizazioa eta erantzuna erabatekoa izango dela espero dute. “Gure memorian horrelako pasarteak ezagutzea, gordetzea eta irudikatzea beharrezko zerbait dela uste dugu. Gaur egungo gazteek eta umeek agian ez dute gure herriko historia hau askorik ezagutuko, eta ona iruditzen zaigu hauei gogoraraztea eta erakustea zer gertatu zen” adierazi dute.

Ekintzak ostiralean hasiko dira. Alde batetik erakusketa bat egongo da Beheko Plaza tabernan. Bertan, Zumaiatik kanporatuak izan zirenen argazkiak erakutsiko dira, eta baita gaur egun Sirian, Afganistanen eta abar gertatzen ari dena. Horretaz gain, orain dela 80 urteko arropak ikusteko aukera egongo da, eta baita ikus-entzunezkoak ere.

Ondoren, antzerkia izango da. Esti Curielek, garai hartako emakume baten esperientzia azalduko du.

Igandean, lehendabizi Udalak herritik kanporatuak izan zirenei omenaldia egingo dio. Bertan izango dira kanporatuak izan ziren pertsonak  eta baita familiartekoak ere.

Ondoren kale-antzerkia izango da. Ekimen honekin lehengo eta oraingo errefuxiatuak batzea eta omentzea lortu nahi da. Inaxio Tolosaren zuzendaritzapean, herritarrak eta Zumaian bizi diren etorkinak izango dira protagonista. “Garai hartako arropak lortzeko deialdia egin genuen, eta erantzuna bikaina izan dugu. Gainera, antzerkian parte hartzeko jendea ere animatu zaigu. Guztira 50-60 partaide izango gara” kontatu dute.

Zumaiarrak gai honekin sentsibilizatuak ikusten dituzte. Harrera taldea sortu zenetik hainbat ekimen atera dituzte aurrera eta pozik daude emaitzarekin. “Bildu dugun diruarekin adibidez, laster anbulantzia bat erosiko dute Chiosen”.

Erlazionatuak