Ardantzabideko egoiliarren eremuan bertakoek bakarrik aparkatu ahal izango dute otsailaren 27tik aurrera

Baleike 2017ko ots. 2a, 17:15

Datozen hilabeteotan Ardantzabiden beste supermerkatu bat zabalduko delako, bertako aparkalekuak arautzeko erabakia hartu zuen Udalak iazko azaroan. Hala, Ardantzabideko aparkalekuen % 75a egoiliarrentzako izango dira eta beste % 25a librea.

Dagoeneko amaitu dira eremu biak definitzeko margotze lanak eta Udalak jakinarazi du, datorren otsailaren 27tik aurrera ezinbestekoa izango dela bertakoen txartela izatea egoiliarren eremuan aparkatu ahal izateko.

Honenbestez, oraindik txartela eskuratu ez duten auzokideek udaletxean eskatu beharko dute dute. Horretarako, ordea, beharrezkoa izango da ibilgailua Zumaian eta auzoan bertan erroldatuta egotea.  

Baldintza hori beteko ez balitz eta autoa beste etxebizitza batean erroldatuta balego, ibilgailuaren helbidea aldatu eta eguneratu beharko litzateke. Horretarako, Trafikora deitu eta hitzordua hartu beharko da 943 452 000 telefonoan edo internet bidez.

Halaber, datozen egunotan abisuak jarriko ditu Udalak auzoko atari guztietan auzotar guztiek izan dezaten horren berri.