Gaizka Sasiain, 1 Formulako McLaren taldeko ingeniaria

Baleike 2017ko ots. 2a, 10:46
Fernando Alonso gidaria eta Gaizka Sasiain, McLarenen egoitzan.

1 Formulako aerodinamika ingeniaria da Gaizka Sasiain. Caterham eta Lotus taldeetatik pasa eta gero, 2015eko arazotik McLaren taldean ari da lanean. Hain esklusiboa den munduan lekua nola lortu duen, aerodinamikaren sekretuak eta Brexit-aren inguruko kontuak esan dizkigu, besteak beste, elkarrizketa honetan.

Gaizka Sasiaini (Zumaia, 1982) betidanik gustatu izan zaizkio karreretako autoak. Gogoan ditu aitak lan bidaietatik ekartzen zizkion 1 Formulako autoen miniaturak. “Gorria eta zuria zen bat (Marlboro), 1980ko hamarkadako McLaren-Honda autoa; eta banuen beste bat, 1990eko hamarkadakoa, Williams-Renault urdin eta horia”. Scalextricarekin ere jolasten zuen tarteka, lehengusuak baserrian biltzen zirenean. Baina ordenagailuek ere beti erakarri izan dute, eta gaztaroan ikasketak aukeratzeko tenorea iritsi zitzaionean, telekomunikazioen alde egin zuen apustu. Hiru urte egin zituen Ikerlanen, Arrasaten, baina buruan bazebilkien galdera bat bueltaka: “Hau al da bizitza osoan egin nahi dudan lana?”. Erraz aurkitu zuen erantzuna. Garai hartan, Mondragon Unibertsitateak eta Epsilon Euskadi taldeak urtebeteko masterra jarri zuten martxan, eta han ikusi zuen aukera. Epsilonek Miñaon (Gasteiz) zabaldutako lantokian egin zuen urtebetean aerodinamikan espezializatu zen. Eta, titulua besapean, lan bila hasi zen.

Lehen urratsak, Alemanian

Alemanian eman zioten lehen aukera. “Holzer enpresatik deitu zidaten, nire curriculumean interesatuta. Baina hara joan nintzenean, ohartu nintzen beste profil bateko norbait behar zutela. Pixka bat zapuztuta gelditu nintzen, baina, zorionez, beraien bitartez lortu nuen niretzat egokia zen lanpostua beste enpresa batean, Alemanian bertan”. SCE Solutions-ek eskaini zion lehen kontratua, eta, bi aldiz pentsatu gabe, Munichera joan zen bizitzera, 2012aren hasieran. Lantokiak ez zuen zerikusirik 1 Formularen glamourrarekin, baina han bizitako esperientzien oroitzapen ona du Sasiainek. “Lantokia soto bat zen, eta hasieran zazpi edo zortzi langile baino ez ginen. 1 Formulako taldeei aholkuak ematea zen gure lana. Esperientzia oso ona izan zen, ikasteko lekurik egokiena zen, denetarik egin behar genuelako”. Lehen urtean HRT taldearentzat egin zuen lan, eta bigarrenean Toro Rossorentzat.

Alemanian bi urte egin eta gero, 1 Formulako talde batean sartzeko aukera iritsi zitzaion Ingalaterratik. “Caterham taldeak eskaini zidan kontratua. Jauzi handia zen, enpresa handiagoa zen, 300 langile ingurukoa. SCEn neu nintzen aerodinamikako arduraduna, formula matematikoak lantzen zituena. Caterhamen aerodinamika diseinatzen hasi nintzen, beste ingeniari batzuek landutako formulei forma ematen, ordenagailuan hiru dimentsiotako programak erabilita”.

Caterhametik Lotusera

Baina Caterham-en proiektuak ez zuen gehiegi iraun. 2014ko otsailean sartu zen Gaizka taldean eta urte bereko azaroan itxi zuten enpresa. Bat-batean, kalean gelditu ziren 1 Formulako 300 langile. “Pentsa dezakezuenez, 1 Formulan ez zegoen lana guztiontzat. Lan bila joan eta baldintza oso eskasak eskaintzen zizkiguten, gure egoeraz aprobetxatuta. Erabaki nuen itxarotea, eta nire kabuz hasi nintzen lanean, aholkulari”. Eta lehen lana non sortuko? Alemanian. “Ordurako emaztea eta semea Ingalaterran zeuden nirekin, etxe egokia aurkitu genuen eta oso eroso geunden. Familia Ingalaterran utzi eta Alemaniara neu bakarrik joan nintzen, Stturgartera, Mercedesentzat lan egitera”. Zorionez, bi hilabete baino ez zituen egin etxetik kanpo. “Lotus taldeak lana eskaini zidan, eta etxera bueltatu nintzen. Aukera ederra zen: talde historikoa eta etxe ondoan”.

Lanean hasi orduko konturatu zen, ordea, gauzak ez zihoazela ondo Lotusen. “Kanpora begira marketin lan handia egin zuten, enpresa berrindartuta zegoela saldu zuten babesle berriak erakartzeko, baina guk barruan kontrakoa sufritu genuen”. Soldatak beti atzerapenez kobratzen zituzten eta, halako batean, langileak kanporatzen hasi ziren. “Ni segituan akordatu nintzen Caterhamen gertatutakoaz, eta ez nuen berriro lanik gabe gelditu nahi. Lan bila hasi nintzen nire kabuz”. Baita lortu ere, non eta McLarenen. “Zortea izan nuen, Lotusen ez nituelako sei hilabete osatu. 1 Formulan, lehen sei hilabeteak probakoak dira. Behin seigarrena pasatzen duzunean, kontratua aldatu egiten da. Lan baldintzak hobeak dira, noski, baina konfidentzialtasun klausula asko sartzen dira indarrean. Eta horietako batek dio sei hilabeteko aurrerapenaz jakinarazi behar diozula enpresari kontratua etetera zoazela. Nik bost hilabete neramatzan Lotusen; beraz, ez nuen oztopo hori izan, eta ia egun batetik bestera hasi nintzen lanean McLarenen”.

McLaren, goi mailako taldea

2015eko azaroan iritsi zen McLarenena, eta han jarraitzen du orduz geroztik, aerodinamika kontuekin. “Lan berbera egiten dut, baina askoz zehatzagoa. Caterhamen edo Lotusen auto osoaren aerodinamikan egiten nuen lan; McLarenen, berriz, zati jakin batzuen ardura daukat”. Zehazki, aurreko gurpileko suspentsioan eta galgetan egiten du lan. “1 Formularako 900 langile dauzka McLarenek; eta beste bi atalak [McLaren Automotive eta McLaren Applied] kontuan hartuta, guztira 3.000 inguru gara enpresan”. Eta denek egiten dute lan Norman Foster arkitekto ezagunak propio diseinatutako eraikinean. “Eraikin ikusgarria da: forma biribila dauka, Ying-a eta Yang-a irudikatzen du; laku bat dauka albo batean, auto txapeldunen bulebar moduko bat, espazioak oso irekiak dira... Ederra da”. Lur azpian dagoen solairuan dago autoak egiteko fabrika; zero solairuan, marketin ekintzak antolatzen dituzte babesleekin; eta ingeniaritza bulegoak, Gaizkaren lantokia, lehen solairuan daude.

Punta-puntako azpiegitura, eta garaipenez jositako palmaresa: Watson, Lauda, Prost, Senna, Hakkinen, Raikkonen eta Hamilton txapeldun izan dira McLarenekin. Ferrari, Mercedes eta Red Bullekin batera, txapelketako handien artean dago taldea. Baina emaitzak ez dira batere onak izan azken urteetan. “Presio hori geuk ere nabaritzen dugu. Talde irabazlea da McLaren, eta edozerk ez du balio. Goi mailako beste taldeen aldean, badaukagu berezitasun bat; motorrak ez ditugu geuk egiten, Hondak egiten ditu. Eta bi enpresen lana bateratzeko orduan zailtasunak egon dira orain arte”. Arrakastaren sekretua motorra eta aerodinamika ondo uztartzean datza, Sasiainek esplikatu duenez. “Bien arteko oreka onena lortzen duenak izango du autorik onena”. Motorra eta txasisa, biak etxe berean egitea, abantaila dirudi hasieran. “Motorraren ezaugarriak lehen unetik ezagutuko ditu aerodinamika landu behar duen taldeak, eta alderantziz. Elkarlan estua egon daiteke uneoro, emaitzarik onena lortzeko. McLaren eta Hondaren artean, orain arte, ez dute horrela funtzionatu. Hondak Japonian dauka bere lantokia eta McLarenek Ingalaterran. Gure ingeniari zuzendari batek hilean bi aste pasatzen ditu Japonian, baina ez da modurik egokiena. Zorionez, ohartu dira arazoaz eta Hondak lantoki bat zabaldu du Ingalaterran, elkarlan hori zuzenagoa izan dadin”.

Aerodinamikaren sekretuak

Aerodinamikaren ikuspegitik, 1 Formulak badu berezko zailtasun bat: gurpilak bistan doaz, ez doaz txasisaren barruan babestuta. Horrek arazo asko sortzen omen ditu aerodinamikaren ikuspegitik. “Aerodinamikaren helburua da aireari abiadura ematea eta energia hori baliatzea, xurgatze indarrak autoari zoruaren kontra eragiteko; horrela lortzen da estabilitatea areagotzea, eta bihurguneetan azkarrago joan ahal izatea. Ba, gurpilak bistan daudenez, berez hutsune moduko bat sortzen da gurpilen inguruan, energia baxuko gunea, eta aerodinamika hausten da”.

Aerodinamikaren bidez zenbat eta estabilitate handiagoa eman autoari, orduan eta azkarrago joan ahal izango da bihurgunetan. Baina horrek badu bere alde negatiboa: erresistentzia handiagoa sortzen da airearen kontra, autoa gehiago frenatzen du zuzenguneetan azkar doanean. Eta hor motorraren indarra sartzen da jokoan. “Autorik azkarrena lortzeko biak hartu behar dira kontuan, motorraren indarra eta aerodinamikako diseinua, motorrak zenbat bultzatzen duen aurrerantz eta aireak zenbat atzerantz. Joan zaitezke bihurgunetan oso azkar karga aerodinamikoak estabilitate handia ematen diolako autoari, baina horrek gero zure kontra jokatuko du zuzenguneetan, aireak nahi baino gehiago frenatuko duelako. Oreka horretan asmatzen duenak irabaziko du. Eta erabaki egin behar da apustua non egin, dena ez baita posible”.

Brexitaren shocka

Sasiain gustura dago McLarenen, lan ordutegiak askotan nahi baino gehiago luzatzen zaizkion arren. “Badakit goizeko zortziak aldera hasten naizela lanean baina inoiz ez dakit noiz amaituko dudan. Normalean, iluntzeko zortziak jota iristen naiz etxera, eta tarteka gelditu behar izaten gara lan jakin batzuk bukatu arte”. Baina azken hilabeteotan badabilki buruan aurreikusten ez zuen kezka bat: brexita (Erresuma Batuak Europako Batasunetik ateratzeko hartutako erabakia, erreferendum bidez). “Bezperan ohera joan nintzenean, inkestak begiratu nituen eta Europako Batasunean mantentzearen aldekoa zen emaitza. Goizean jaiki eta Interneten ikusi nuenean brexitak irabazi zuela, shocka izan zen niretzat. Ez nuen inondik inora espero”.

Lantokian eta bizi diren herrian (Woking) ez du jarrera arrarorik sumatu, baina ez dago lasai gaiak izan dezakeen bilakaerarekin. “Emaztea peruarra da eta Ingalaterran bizitzeko baimena dauka ni Europako Batasuneko hiritarra naizelako. Baina brexitarekin ez dakigu hori aldatu egingo den. Eta beste kezka ekonomikoa da. Ikusi beharko dugu zer gertatzen den, baina agian etorkizunean seguruago egongo gara Alemanian”. Dena den, Sasiainen iritziz, kezkagarriena ez da Erresuma Batua Europatik ateratzea: “Errespetagarria da beraien burujabetasuna defenditu nahi izatea; okerrena da brexitaren aldeko botoa xenofobian oinarritu dela, kanpaina guztia hala bideratu zen”.

Etorkizuna argitu bitartean, Fernando Alonso eta Jenson Button gidarientzat ahalik eta autorik azkarrena lortzeko ahaleginean bere alea jartzen jarraituko du Gaizka Sasiainek.