Fotofinishak erabaki du aurtengo txakurkrosaren irabazlea

Baleike 2017ko urt. 15a, 16:55

Zumaiako VI. Mushing lasterketaren atarian Mikel Etxeberriari egindak elkarrizketan, honek ikuskizuna izango zela agindu zuen. Eta hala izan da, fotofinisha behar izan baita aurtengo txakurkrosaren irabazlea jakiteko Mikel eta Pedro Etxeberria anaien artean.  

Eguraldi txakurra izan da gaur goizekoa. Hotzaz gain, euri zaparrada ederrak bota ditu goiz goizetik. Aurtengo mushing lasterketa negu giroan korritu da eta horregatik edo beste arrazoengatik, faboritoetako batzuk ez dira gurean izan aurten: Zumaian bitan irabazle izan den Joxe Felipe Larrazabal eta Gaizka Aretxaga, alegia. 

Bikejorin (bizikleta) eta patinetako lasterketekin hasi da aurtengo proba. 4,3 kilometroko bidea egin dute hauek, Basustagaineko zirkuituari itzuli bat emanda. Ordu laurdeneko atzerapenarekin, gainera, hastear zela zuhaitz bat erori delako zirkuituan. Traktore batekin atera dute enborra. Pedro Etxeberria izan da hemen lehena. Bi txakurrek bultzatako patinarekin hartu du honek parte eta 12:16 denbora egin du helmugan. Bigarren Ekaitz Erauskin hondarribiarra izan da eta hirugarren Iban Vicente Ibarrakoa. Mikel Etxeberria bosgarren izan da lasterketa honetan.

11:30ean eman zaio irteera txakurkrosari. Aurten hamarnaka atera dira, talde bakoitzetik bestera minutu erdiko aldearekin. Lehen taldean joan dira lasterketako faboritoak. Senior eta beteranoek 8,3 kilometro egingo zituzten (bi itzuli zirkuituari) eta juniorrek 4,3 kilometro (itzuli bakarra). Aste honetan zehar botatako euriteen ondoren, nahikoa lokatza izan dela azpimarratu dute parte-hartzaileek. 

Jakina zen Etxeberria anaiak lasterketaren buruan izango zirela, baina inork ez zuen esperoko halako amaierarik. Mikel eta Pedro, Pedro eta Mikel, batera heldu dira azken metroetara eta azkenean kazetarien argazki kamerak kontsultatu dituzte irabazlea zein izan den jakiteko. Txakurren helmugaratzea hartzen da kontutan eta Mikel Etxeberriaren txakurra, Duke, zentimetro batzuk lehenago heldu da. Beraz, Mikel Etxeberriak irabazi du aurten ere (2015eko irabazlea bera izan zen) 29:37 denborarekin, Pedro Etxeberriaren aurretik. Hirugarren sailkatua ere zumaiarra izan da, Txetxu Tamayo.

"Indarrarekin atera naiz eta aurrean jarri naiz hasieratik. Lehen itzulia lasai hartu dut, indarrak gordetzen. Oso lokaztua zegoen zirkuitua. Bigarren itzulian anaia atzetik zetorren eta horregatik edo, txakurrak ez zuen tira nahi. Bigarren itzulia batera egin dugu eta amaieran oso zaila jarri dit anaia Pedrok", azaldu digu Mikelek amaieran.

Emakumezkoetan irabazlea Aida Males lezoarra izan da, 35:04 denborarekin. Bigarren Alonsotegiko Sandra Jimenez sailkatu da (37:06) eta hirugarren Mireia Rodriguez Oviedokoa sartu da (38:04).

Juniorretan ere lehen bi sailkatuak zumaiarrak izan dira: lehena Kimetz Etxabe izan da, 16:19 denborarekin, bigarren Jose Manuel Alfonso (18:27) eta hirugarren Arkaitz Vicente Ibarrakoa (20:01).

Sailkapen osoak hemen dituzue.

 

Erlazionatuak