Markel Olanok Korta enpresa bisitatu du gaur

Baleike 2017ko urt. 13a, 21:07
Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano Zumaian izan da gaur Korta enpresa bisitatzen, Ekonomia suspertzeko plana 2015-2019 plangintzaren baitan. Berrikuntzaren alorrean Gorostiaga industriguneko enpresak egin duen lana ezagugu nahi izan du. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko ekonomiaren susperraldia finkatzeko helburuaren baitan, Ekonomia Suspertzeko Plana 2015-2019 plangintza martxan jarri du legealdi honetan, 200 milioi euroko aurrekontuarekin. "Plangintza honen bitartez lurraldeko industriaren lehiakortasuna eta eraldatzea bultzatu nahi da, enpresek gaur egun nahiz etorkizunari begirako desafioei aurre egiteko laguntza eskainiz. Gisa horretan kalitatezko enplegua sortu eta Gipuzkoako gizartearen ongizate eredua sendotzeko", azaldu dute Foru Aldunditik.

Gaurkoan diputatu nagusiaz gain, bertan izan dira Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua, eta Jabier Larrañaga, Ogasun eta Finantza diputatua. Korta enpresak dituen desafioak ezagutzeko parada izan dute hirurek eta enpresaren instalazioak bertatik bertara ezagutu dituzte. Azken urteotan, Kortak Aldundiaren diru-laguntzak jaso ditu, besteak beste, enpresan langileen parte-hartzea bultzatzeko.

Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu duenez, "berrikuntzaren alorrean lan handia egiten ari den enpresa da Korta, eta ibilbide interesgarria egiten ari da lurraldeko zentro teknologikoen sarearekin elkarlanean. Lankidetza hori eredu da lurralderako, Berrikuntzaren bideak berebiziko garrantzia hartzen baitu enpresen lehiakortasuna bultzatzeko garaian".