baleike.eus

Floresko ontziralekua astialdirako atonduko du Kosta Zuzendaritzak

Baleike 2017-01-10 17:05   Gizartea

Hogei urte baino gehiago daramatza inolako erabilerarik gabe eta oso hondatuta dago. Lanak egiteko deialdia publikatu dute, 240.000 euroko aurrekontuarekin. 

Floresko ontziralekuaz galdetuz gero, zumaiar gehienek kopeta zimurtu eta «arrastorik ere ez» dutela erantzungo dute. Txetxun enbarkaderoa aipatzen bazaie, ordea, askori irribarrea marraztuko zaie aurpegian, gaztetako oroitzapenak gogora ekarrita. Guascor enpresako sortzaile Jose Maria Chechu Gutierrez Ascuncek eraiki zuen 1969an, bere ezizena zeraman itsasontzia neguan gordetzeko; baina Zumaiako gazte koadrila askoren jolas eta atseden toki ere izan zen urte askoan, uda partean batelean errioan gora joaten zirenean. Ontziralekua eraiki eta 25 urtez erabiltzeko baimena eman zion Kosta Zuzendaritzak Gutierrezi 1969an, eta 1994an ez zuten baimena berritu. Orduz geroztik utzita dago, eta denboraren poderioz errioak ingurua hondatu du ia erabat, astialdirako ere arriskutsu bihurtzeraino. Baina ez luzerako.

Ontziralekua kokatuta dagoen ingurunea berreskuratzeko planaren berri eman du Espainiako Kosta Zuzendaritzak, eta dagoeneko lanak esleitzeko deialdi publikoa egin du. 240.000 euroko aurrekontua zehaztu du, eta lanak hiru hilabeteko epean egin beharko dira. Ingurua astialdirako egokitzea da helburua.

Hasteko, ontzia gordetzeko egindako eraikina eraitsi egingo dute. Urolaren tarte horretan, eskuinaldeko ibaiertzean dagoen eraikin bakarra da, erabat utzita dago, eta ingurumenaren ikuspegitik kentzea hobetsi da. Arrapala, aldameneko zelaigunea eta eskailerak mantentzea erabaki dute, motorrik gabeko ontzizaleen atsedengune izan dadin. Astialdirako erabili ahal izateko, garbiketa lanak egingo dituzte, arrapala eta eskailera egokitu eta berritu egingo dituzte, eta ontziak lotzeko egurrezko zutabeei tratamendu kimiko bat egingo zaie, ez hondatzeko. Zelaigunea prestatzeko ere hainbat lan egingo dituzte: lurra berdindu eta belardia txukundu, bertako espeziek mantenduz eta inbaditzaileak kenduz; mokadua jateko mahaiak jarriko dituzte; uretan dauden hondakin blokeak kenduko dituzte, bainua arriskurik gabe hartzeko; eta ingurumen ikuspegitik, habitat hartako hainbat espezie landatuko dira inguruan.

Espainiako Kosta Zuzendaritzak egingo dituen lan hauek Udalak onartu zuen Urolako itsasadarraren plan berezian daude aurreikusita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa