Aizpuru: “Biktima guztiak ez gaituzte berdin tratatzen”

Baleike 2017ko urt. 2a, 13:00

Eusko Jaurlaritzak oraindik ez ditu Pasaiako badian hildako senideak biktimatzat errekonozitu.

"Jaurlaritzak dio biktima guztiak berdinak garela; imajinatzen al du inork beste biktima batzuen senitartekoak Jaurlaritzara jo bilera eske eta zortzi hilabetez zain egon behar izatea? Eta bi aldiz publikoki salatu behar izatea bilera lortzeko? Hori da gertatzen ari zaiguna. Biktima guztiak ez gaituzte berdin tratatzen". Minduta dago Peio Aizpuru erakundeen emandako tratuarekin. Urte hauetan guztietan, Azpeitiko Udalak baino ez omen ditu babestu, epaiketan akusazio partikular modura aurkeztuta. "Azken urteotan hainbeste hitz egin da egiaz, justiziaz eta erreparazioaz. Eta gurekin zer gertatzen da? Gure kasuan, lekukoak daude, sumarioko datuak daude. Gurea noiz aitortuko dute? Baztertuta gaude leku guztietan".

Duela zazpi urte, hilketaren 25. urteurrenean jasan zuten tratua ekarri du gogora. "Urteurren hura Pasaian antolatzea erabaki genuen. Ekitaldia zen lore sorta bat jartzea, lau bertso bota eta bazkaria egitea. Pasaia Ertzaintzak hartu zuen egun hartan, lurrez, airez eta itsasoz. 25 urte pasa eta gero, kalera ateratzeko aukerarik ere ez ziguten eman. Azpeitian, urteurrenetan, isunak, kolpeak eta atxilotuak egon izan dira. Hori da guk urteetan jaso dugun tratua".

Baina garaiak aldatu direla sinetsita, urtarrilean Eusko Jaurlaritzako Gogorarekin (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua) jarri zen harremanetan. Hainbat atzerapenen ondoren, azkenean abuztuan lortu zuten biltzea. Jaurlaritzak herriz herri dokumentatu dituen indarkeriaren biktimen zerrendan ageri dira Dionisio Aizpuru eta Pedro Maria Isart, baina aparteko kapitulu batean, gehiago ikertu beharreko kasuen artean. Oraindik ez dute erabateko aitortza. Aitortza hori lortzeko eta tramitazioan dagoen Biktimen Legeak aintzat hartzeko, kasua gehiago ikertu behar da. Eta ikerketa martxan jarri ahal izateko, eskatzaileak aurkeztu behar ditu frogak. "Gogorako zuzendari Aintzane Ezenarrok azaldu zigunez, ikerketak balio administratiboa izango luke, ez judiziala; biktima errekonozimendua lortzeko balioko luke".