Gerra garaiko pasarteak kronika irakurterrez bihurtuko ditu 'Oraindik atzo' liburuxkak

Baleike 2016ko abe. 28a, 14:57

Oraindik atzo liburua aurkeztuko du Erkibe kultur elkarteak ostiral honetan, 19:00etan, Alondegiko Oxford aretoan. II. Errepublika onartu zenetik gerraosteko errepresiora arte Zumaian bizitako gertakariak jasotzen ditu argitalpenak modu irakurterrez batean eta ilustrazioekin jantzita.

"Erkibe kultur elkarteak aspalditik zuen liburuxka hau ateratzeko asmoa. Kanporatzeen 80. urteurrena betetzen dela ikusita, eta ikastetxeetan banatzea buruan genuela atera dugu. Memoria historikora begira beste ekarpen bat da", azaldu dute Joseba Esnal Albizuk eta Paula Esnal Osak. Lehenak dokumentazio lana egin du eta bigarrenak dokumentu horiei kontakizun forma eman dio. Hori guztia Bego Blanco Aristondoren ikustrazioekin jantzi dute. 

1930eko hamarkadako Zumaiaren erretratua egiten da liburuxka honetan, II. Errepublika onartu zenetik, Francoren gudarosteak Zumaian sartu ondoren, 252 lagun kanporatuak izan ziren arte. "Beti ere modu xume eta didaktiko batean, gazteengan pentsatuta, gai honen inguruan ezjakintasun handia sumatzen dugu eta". Lan horretan laguntzeko, Bego Blancoren marrazkiekin osatu dute argitalpenak. "Orduko argazkiak hartu eta marrazki bihurtu ditu. Lan ederra egin du". 

Egileek adierazi dutenez, emakumeek badute garrantzia argitalpen honetan. Emakume hauek 1936ko Gerraren aurretik izan zuten papera goraipatu nahi dute. "Garai hartako emakumeak omendu nahi ditugu. Errepublikarekin batera hasi ziren garrantzia izaten. Kultura mailan lan handia egin zuten, euskara erakusten zuten, baita dantzak ere. Orduko Circulo Liberalean izango zuten zeresana, baina Batzokian, behintzat, sekulako indarra izan zuten. Esan daiteke Errepublikaren garaian sukaldea utzi eta kalera atera zirela Zumaiako emakumeak". 

Gerra Zibila hasi zenean amaitu zen II. Errepublikaren bost urteko ibilbidea. "Gerra hasi zenean gizonak frontera joan ziren eta emakumeak etxean geratu ziren. Zumaian frankistak 1936ko irailaren 21ean sartu ziren eta bost hilabete geroago, 1937ko otsailean, hauetako asko kanporatuak izan ziren. Esaten da gerraren frontea ez zela Zumaiara heldu, baina hemen ere jasan behar izan zen", gaineratu dute.

"Etxean beti entzun izan ditugu gerrako historiak", azaldu du Paula Esnalek. "Gabonetan etxera itzuli eta amonak historia hauek kontatzen dizkigu. Orain asko hitz egiten da Sirian gertatzen ari denaz, eta oso ondo dago hango berri ematea, baina guk ere antzerako gertakariak bizi behar izan ditugu hemen". "Gure amonak dioen bezala, ahaztu ez da egin behar, baina saiatu behar gara gorrotoa ez izaten", gaineratu du.

Erkibek Zumaiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du liburua ateratzeko. 1.000 aleko tirada bat egin dute. Hauetatik batzuk eskoletan banatuko dira. Ostiral bertan ere eskuragai izango dira Oxfordeko aurkezpen ekitaldian. Liburua doan eskuratu ahal izango da. 

Historia gordetzeko beste pauso bat

Memoria historikoa gordetzeko egindako beste pauso bat bezala ikusten dute liburuxka hau argitaratzea. Aurretik Emakumea eta lana erakusketa arrakastatsua izan da Oxforden eta Aranzadi zientzia elkartearekin hitzarmena ere sinatu du Udalak. "Etxeetan gordetzen zen dokumentazioa lortu da. Guk pasatako dokumentazioarekin eta beraiek lortutakoarekin Gerrak Zumaian izan zuen eraginaren inguruko liburu bat aterako dute".

Datozen hilabeteotan jarraituko dute ekitaldiek. Hala, urtarrilan Aranzadiren Hezurrak erakusketa izango da eta otsailean, Zumaiako Errefuxiatuen Harrera Taldearekin elkarlanean, argazki erakusketa bat egingo da Zaharretxean. Apirilean, berriz, Ama, nora goaz? dokumentala erakutsiko da Donostian egiten den Giza eskubideen zinemaldian. "Handik gutxira izango da Zumaian", aurreratu du Joseba Esnalek. 

Baleuko ekoizpen etxeak egindako dokumental honek kanporatuak izan zirenen historia jasotzen du. "Guk pasa genien eskutan genuen dokumentazio osoa. Beraiek ikuspegi zabalagoa eman nahi zioten, ez izatea bakarrik Zumaiari zuzendutakoa, Gipuzkoa osokoa baizik. Horrela, 12 pertsona elkarrizketatzen dira eta horietatik lau dira Zumaiakoak". 

Honekin guztiarekin eta Aranzadik egingo duen liburuaren zain, esan daiteke memoria historikoaren inguruko lana biribiltzen ari garela", azaldu dute.