Pedro Luengoren erretratuak, paisaia hiritarrak eta bizikletak, abenduaren 31ra arte, Oxford

Baleike 2016ko abe. 24a, 14:43

Pedro Luengo azpeitiarraren lanak ikus daitezke abenduaren 31ra arte Alondegiko Oxford aretoan. Erretratuak, paisaia hiritarrak eta bizikleta zaharrak hartu ditu lan hauetarako gai bezala Matrikulak bi izeneko esposizio honetan.

"Asko gustatzen zaizkit aurpegiak margotzea, gehienbat kanpoko haurrena. Afrikakoek eta Indiakoek, estetikoki, azalaren koloreagatik, dei egiten didate. Gero, paisaia hiritarrak ere gustatzen zaizkit eta baita bizikleta zaharrak ere. Azkeneko lau urte hauetan hiru gai hauen inguruan ibili naiz lanean", adierazi digu. 

Paisaia hiritarretan New York, Lisboa, Madril, Marokoko Fez eta Genoa hirietako irudia suma daitezke. "Kasu batzuetan han ateratako argazkien gainean egin dut lan. Estilo aldetik, batzuetan argazkiei transfer bat egiten diet, hau da, itzuli. Ohikoan lan batzuei pintura akrilikoa gehitzen dieta batzuetan kolorezko margoak eta beste batzuetan pintura bakarrik. Obra bakoitzaren arabera egiten dut lan. Collage teknika ere erabiltzen dut. Nahasketa hori gustatzen zait. 

Udane Juaristi azkoitiarraren eta Diego Cruzen eskolak nabari daitezkela dio. Cruzek margoak erabiltzen erakutsi dita eta Juaristik transferrak eta hiritarren testura hori lantzen. Asko gustatzen zait bere lana eta orain irakasle bezala dut. 

Alondegian datorren asteburura arte ikusi daitekeen erakusketa honen abiapuntua orain bi urte Azpeitian zabaldu zuen bat izan dela gaineratu du. "Orain bi urte Matrikulak izeneko esposizioa izan nuen Azpeitian eta han geratutako koadroekin jarraipen bat eman diot". Matrikulak bi honetan 32 lan erakutsi ditu. "Erdiak orain bi urte aurkeztutakoak dira eta beste erdia azken bi urte hauetan landutakoak".

47 urte ditu Luengok gaur egun eta 16 urterekin hasi zen artearen mundu honetan. "Hasieran ez nuen erakusketak eta halakoak egiteko asmorik. Gero pentsatu nuen merezi zuela. Azkenean, ez baduzu helburu bat, amaiera ematen diozu. Saiatzea erabaki nuen". Bere lanak bilakaera izan duela dio. "Hasieran aurpegiak margotzen hasi nintzen eta kolore gutxi batzuekin lan egiten: zuriak eta marroiak. Muga horrekin zer lortzen zen jakin nahi nuen. Hala hiruzpalau urtez egin nuen lan. Gero beste gai batzuekin hasi nintzen eta baita koloreak eta testurak sartzen".

Matrikulak ez da erakusketaren izenburua bakarrik: koadro bakoitzari matrikula bat jarri dio. "Kotxeko matrikulak bezala dira, baina asmatutakoak. Koadroaren izenak ere badira matrikula horiek". 

Azpeitian, Azkoitian eta Elgoibarren erakutsi ditu Pedro Luengok bere lanak. Zumaiakoaren ondoren, beste leku batzuetara eramateko gogoa ere azaldu digu. 

Ordutegia: abenduaren 31ra arte, astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta asteburu eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.